Haritz Larrañaga

Parisek Seaskako ikasleen azterketak «bahitu» eta Bordelera eraman ditu zuzentzera

Brebeta azrteketak zuzentzen ari ziren Donibane Lohizune, Hazparne eta Mauleko zentroetatik pasa diren Ministerioko ordezkariek Seaskako ikasleen azterketak hartu eta zuzenzean Bordelera eraman dituzte, ikasle euskaldunen azterketak euskaraz ez dakiten irakasleek zuzen ditzaten.

Ziburuko Piarres Lartzabaleko ikasle, guraso eta irakasleak Donibane Lohizuneko ikuskaritza zentroaren atarian bildu dira. Bob EDME
Ziburuko Piarres Lartzabaleko ikasle, guraso eta irakasleak Donibane Lohizuneko ikuskaritza zentroaren atarian bildu dira. Bob EDME

Iaz bezala, aurten ere Seaskako ikasleen Brebeta azterketak ez dituzte Euskal Herrian zuzenduko, Bordelen baizik. «Iaz Pauera eraman zituztem gure ikasleen azterketak, gaur Bordelera, datorren urtean Parisera eramango ote dituzte?», galdegin du Edurne Manterola, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak.

Hezkuntza Ministerioak Donibane Lohizunen duen Ikuskaritza zentroaren atarian hamarka guraso, ikasle eta irakasle bilduak ziren unean gertatu da lehen «bahiketa». Handik metro gutxira dagoen Ravel Kolegioan zuzendu behar zituzten Ziburuko ikasleen azrterketak, eskualde honetako gainontzeko ikastetxeetako ikasleen azterketekin batera, baina auto batean etorri diren Ministerioko ordezkariek Seaskako ikasleen azterketak hartu eta eraman egin dituzte. Handik Hazparnera abiatu dira, Hazparnetik Maulera, eta Mauletik Bordelera.

Piarrez Larzabal kolegioko Zientzia irakasleak azterketak zuzendu behar ziren Ravel ikastetxeko zuzendariarekin harremanetan ziren, zeren «guk ez dugu azterketa horiek ofizialki zuzentzeko eskubiderik, aurten ere ez baitigute eskumen hori eman, baina harreman ona dugu zuzendariarekin eta irakasleekin, eta une batean laguntza eska dezakete zuzenketak egiteko, beraz badaezpada hor kanpo aldean ginen, laguntza eskatuz gero emateko», azaldu du Amaia Saez irakasleak.

Seaskako irakasleek ez dute kontsigna edo aholkurik ematen, hau da, ikasle bakoitzak hautatzen du frantsesez egiten dizkieten galderak euskaraz edo frantsesez erantzun. Edonola ere, azterketak zein hizkuntzatan egin dituzten begiratu gabe, Seaskako kolegioetako ikasleen azterketak Bordelen zuzenduko dituzte. «Hemen zuzenduz gero gerta daiteke irakasleak euskaraz jakitea, ez du legez jakin beharrik, baina badira euskaraz dakiten irakasle anitz, beraz zorte apur batekin gure ikasleen azterketak uler zitzakeen norbaitek zuzen zitzakeen, ordea, Bordelen ez da izango euskaraz dakien zuzentzailerik», nabarmendu du Ziburuko kolegioko zuzendariak.

Donibane Lohizunen egiten ari ziren elkarretaratzean eman dute azterketen «bahiketaren» berria, eta «Blanquer ministroari gure mezuak igorri eta mobilizatzen jarraitzeko» deia egin dute. Gauzak honela, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko gurasoek elkarretaratzea deitu gaur arratsalderako Artzabaleko biribilgunean.