NAIZ

Kayak surfeko euskal selekzioa prest da Peruko Munduko Txapelketan parte hartzeko

El Elio hondartzan ospatuko da uztailaren 19tik 26ra eta euskal ordezkaritza ofiziala 15 kirolarik osatzen dute.

Selekzioaren aurkezpena gaur egin dute Bilbon (IREKIA)
Selekzioaren aurkezpena gaur egin dute Bilbon (IREKIA)

Kayak surfeko euskal selekzioa prest da datorren astean Perun jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko. Lehiaketa Trujillo (Peru) hiritik gertu dagoen El Elio hondartzan jokatuko da uztailaren 19tik 26ra, eta euskal kirolariek ostiralean bidaiatuko dutenez, taldearen aurkezpena gaur egin dute Bilbon.

Parte hartuko duten kirolariak hauexek dira: Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai, Andrea Garcia, Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras, Gorka Martin, Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio, Txema Carreto, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbe.

Edu Etxeberria eta Oskar Martinez hautatzaileak ere badira, eta Etxeberriak adierazi duenez, «lehia gehien taldekako probetan egongo da», bereziki Irlanda eta Ingalaterraren aurka. Irlanda «talde gogorra» dela gogoratu du, are gehiago Ipar Irlandako kirolariak ere selekzio berean lehiatzen dutela kontuan izanda. Ingelesen inguruan, nabarmendu du Euskal Selekzioari diotela «amorru gehien» eta markaketa berezia egiten dietela euskaldunei. Irlanda eta Ingalaterrarekin batera, AEB, Argentina, Eskozia eta Jersey izango dira parte hartuko duten selekzioak.

Banakako modalitatean, aldiz, lehia irekiagoa izango da eta euskal selekzioko entrenatzaileak esan duenez, «edozein mangatan akatsen bat eginda kanpoan gelditu gaitezke». Horren jakitun, Euskal Selekzioak aurrez bidali ditu Perurantz taldeko hiru kirolari hondartzako egoera ezagutzeko: «Orain negua da, eta esan digutenez izango ditugun olatuak tamaina egokienak izango dira, bi metro eta erdi ingurukoak».

Borroka luze baten emaitza

Aurkezpen ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere izan da eta, kayak surfeko selekzioak lortu izan dituen emaitza onak nabarmentzeaz gain –«era guztietako txapelak eta txapelketak irabaztea lortu dugu lehenengo mailako herrialdeen eta selekzioen aurka»–, Lakuako gobernuarentzat euskal selekzioek nazioartean lehiatzea «helburu bat» dela gaineratu du.

Hori bai, Oskar Martinezek gogora ekarri ditu borroka horretan izandako zailtasun guztiak. «Basque Country bezala apuntatzen ginen baina Espainiaren izenean jartzen ziguten», esan du, gaineratuz askotan ez ziotela uzten ikurriña eramaten edo ukatu egin zietela txapelketetan parte hartzea.

Baina egindako lanak bere fruituak izan ditu eta behin ofizialtasuna lortuta «herrialde askorentzat jarraibide gara, bereziki gazte mailan eta emakumezkoetan egiten dugun lanarengatik».