naiz

Udaltzaingoak «egoera larrian» daudela ohartarazi du LABek

Udaltzainen artean behin-behinekotasun tasa %40 ingurukoa dela nabarmendu du LABek eta «lan eskaintza publikoak martxan jartzeko unea» dela nabarmendu. Hala, «hurbiltasunean eta integrazioan» oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatu dute.

Auzitegi Gorenak berriki ebatzi du behinbehineko langileak ezin direla udaltzain lanetan mantendu. Honen aurrean, LAB sindikatuak «Administrazio ezberdinen utzikeria» salatu du eta udaltzainen artean behin-behinekotasun tasa %40 ingurukoa dela nabarmendu.

«Egoera honetan onartu da EAEko Polizia Legea, LABek defendatzen duen udaltzain ereduaren
guztiz kontrako norabidean doan legea alegia», ekarri dute gogora ohar baten bidez. Guzti honek udaltzain kolektiboa «babesgabetasun eta ezegonkortasun egoera larrian» utzi duela nabarmendu dute eta beste sindikatuen jarrera ere gaitzetsi du LABek. «Erabat salagarria da bizi dugun egoera larri hau espektatiba faltsuak sortzeko erabiltzea. Ez da onargarria behin-behineko udaltzainen artean ‘zu geldituko zara’ mezua zabaltzea, ezegonkortasun egoerak baliatuz», gehitu du.

Hala, LABek «lan eskaintza publikoak martxan jartzeko unea» dela adierazi die udalei eta «Udaltzaingo plantilen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handitzea» defendatu dute.

Era berean, Lakuak bultzatzen dituen deialdi bateratuak udaltzainen integraziorako ez direla «eredu egokia» iritzi du sindikatuak. Horren parean, «hurbiltasunean eta integrazioan» oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatu dute. «Lanpostuak kontsolidatzeko prozedurak langileen ordezkariekin adostu egin behar dira. Gainontzeko zerbitzu publikoetan bezala, kalitatezko udaltzain zerbitzu bat defendatzen
dugu, gertutasunean eta berdintasunean oinarritua. Ez dezatela agintariek egoera hau erabil aspaldian ezarri nahi duten polizia eredua gure herriko kaleetara ekartzeko», azpimarratu du LABek.