NAIZ

«Euskal gizartea mobilizatuko da eskubideen murrizketa dakarren epaiaren aurrean»

Kataluniako egoera politikoaren inguruko hausnarketak lehen eskutik jaso asmoz Kataluniako hainbat ordezkarirekin bilera erronda egin du Gure Eskuk. Prozesuaren aurkako sententziaren atarian, Euskal Herritik emango zaion erantzuna artikulatzeko prest agertu da Gure Esku.

Quim Torrarekin ere bildu da GEDren ordezkaritza. (NAIZ)
Quim Torrarekin ere bildu da GEDren ordezkaritza. (NAIZ)

Gure Eskuren ordezkaritza bat Katalunian izan berri da, prozesuaren sententziaren atarian bertako egoera politikoaren inguruko hausnarketak jasotzeko. Amalur Alvarez GEDko bozeramaileak Diadan parte hartu du eta irailaren 11ean Quim Torra Generalitateko presidentearekin elkartu da, eta bilkurak egin ditu baita ere Roger Torrent Kataluniako Parlamenteko presidentearekin, ANCko lehendakari Elisenda Paluzierekin, Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko delegaritza batekin eta JxCat, ERC, CUP eta En Comú Podem-en talde parlamentarioetako ordezkariekin.

Eragile sozial eta politiko katalanei oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa egiteko konpromisoa adierazi dietela azaldu du GEDk prentsara helarazitako ohar baten bidez eta, zigor epaia etorriz gero, euskal gizartearen erantzuna artikulatzeko prestutasuna ere adierazi dietela nabarmendu dute.

Zentzu horretan, epaiak izan ditzakeen ondorioez eta horren aurrean hartu beharreko jarrerez ere solastu dira. «Eragile katalanek nabarmendu dute garrantzitsua izango dela euskal gizartearen aktibazioa. Zalantzarik gabe, epaiaren ondorioei erantzutea erronka demokratiko bat izango da euskal herritarrentzat», ziurtatu du GEDk.

Epaiaren aurreko jarrerak

«Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, subiranotasun helburu edota asmoei giltzarrapoa jarriko die, zigorra badakar. Erabakitzeko eskubidearen joko arauak mugatuko ditu», ebatzi du GEDk, eta «ardura demokratikoaz jokatzeko» deia luzatu die ordezkari politikoei: «Alderdikerien gainetik jokatu dezaten, zailtasun guztien gainetik, demokraziaren eremua birdefinituko duen epai honen aurrean». Eskubideak, askatasuna eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko ahaleginak areagotzea eskatu diete.

Ordezkari katalanekin izandako bileretan GEDk euskal gizartearen mobilizazio ahalmena ere izan du hizpide. «Konbentzituta gaude euskal gizartea ere mobilizatuko dela eskubide eta askatasunak edo herrien erabakimena murrizten dituen epai baten aurrean», esan dute, eta, bide horretan, epaia ezagutu bezain laster Euskal Herrirako diseinatu duten erantzuna jakinaraziko dutela esan dute.