Beñat Iguaranek lortu du puntu gehien Amasa-Villabonan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren final-zortzirena jokatu da gaur Amasa-Villabonako Gurea Antzokian. Bertan, areto bete batean, final-laurdenetarako txartela lortu du Beñat Iguaran herritarrak.

NAIZ|2019/09/15 20:24
Amasa-villabona_iguaran
Beñat Iguaran saioko irabazlea kantuan, bertsokideak atzean dituela. (Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa)

Amasa-Villabonako Gurea Antzokian jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-zortzirena gaur. Sarrerak aurretiaz agortuta zeuden eta bete egin da aretoa.

Kantuan, hurrengo bertsolariak aritu dira: Beñat Iguaran Amondarain, Iban Urdangarin Lardizabal, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Maialen Akizu Bidegain, Odei Lopez Larrauri eta Oier Etxeberria Zubimendi.

Beñat Iguaranek etxean jokatu du, eta berak batu ditu puntu gehien, 440,5. Beraz, urriaren 19an Andoainen jokatuko den final-laurdenean kantatuko du. Bigarren lekuan,  Iñigo Mantzizidor gelditu da (433,5 punturekin). Jarraian, oso hurbil, Maialen Akizu (432,5), Iban Urdangarin (420,5), Oier Etxeberria (408,5) eta Odei Lopez (392,5).

Aurkezle lanak Eresti Oiarbide Muruak egin ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izan dira: Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, berriz, Gorka Segurola Dorronsoro aritu da.

Atzo jokatu zen txapelketako lehenbiziko saioa, Oñatin, eta Haritz Mujika izan zen garaile.

Bertsozaleak beste bi final-zortziren izanen ditu datorren astean gozagarri. Larunbatean, Ordizian, Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpiroz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika ariko dira Maddi Labaka aurkezlearen esanetara. Igandean, Zumaian, Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Gorka Maiz, Iñigo Gorostarzu, Jokin Bergara eta Unai Muñoa jardungo dira bertsotan.