Euskal Mendizaletasunaren Museoak bere bulego berria aurkeztu du

Donostiako Zuhaizti kiroldegian dago kokatuta eta lanean jarraitzeko balioko dio Fundazioari, nahiz eta etorkizunean espazio handiago bat izatea den helburua.

Asier AIESTARAN|2019/09/17 14:43
Emmoa
Aurkezpen ekitaldiaren une bat (Jon URBE / FOKU)

Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak (EMMOA) Donostian izango duen egoitza berria aurkeztu du gaur eguerdian. Zuhaizti kiroldegian dago kokatuta eta inaugurazio ekitaldirako, instituzioetako ordezkariez gain, hainbat mendizale ere gonbidatu nahi izan dituzte.

Jada denbora dezente darama lanean EMMOA Fundazioak, sorreratik duen helburu berdinean tinko: euskal mendizaletasunaren historia eta ondarea gordetzea, galdu ez dadin eta hurrengo belaunaldiek historia horren berri izan dezaten.

Horretarako espazio fisiko bat ere behar dute noski, eta Antxon Iturrizak berriki Euskadi Irratian aipatzen zuen moduan, «mendiko hizkera hartuta, esan dezagun egoitza hau oinarrizko kanpamendu bezala erabiliko dugula, helburua den gailurra lortzeko abiapuntua».

Izan ere, elkarrizketa horretan aurreratzen zuenez, Donostiako Udalak Anoetako estadio eraberrituan (Reale Arena izena hartu berri duena) kokatu nahiko luke museoa, nahiz eta oraindik ez dagoen ezer itxita.

Gainera, eta "museo" hitzak besterik pentsarazi dezakeen arren, EMMOAn argi dute garrantzitsuena ondarea zabaltzea eta ezagutaraztea dela, eta horretarako espazio fisikoa baino garrantzitsuagoa dela egunero-egunero egiten den lan isila.

Gaurkoan, esaterako, gonbidatu dituzten mendizaleek aportazio desberdinak egin dituzte museoa osatzen joateko.