Tabakalerako zinema eskaintza urriaren 2an hasiko da Bellon, Schanelec eta Fassbinderrekin

Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola eta Zinemaldiak elkarlanean osatu dute egitaraua. Aurten, lehen aldiz, bono bereziak jarriko dituzte salgai.

NAIZ|DONOSTIA|2019/09/17 16:52
Tabakalera
Gaur goizean aurkeztu dute arduradunek zinema egitaraua. (NAIZ)

Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder izango dira Tabakalerako zine programazioaren protagonistak. Astearte honetan aurreratu dituzte Donostiako zentruan eskainiko duten programaren xehetasunak.

Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia eta Tabakalerako zinema taldearen artean aukeratu dituzte datozen hilabeteetan ikusi ahal izango diren filmak. «Tabakalerak daukan indarraren eta ahalmenaren adibide garbia da programa hau, zinearen iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituen programa bat, eta ikusleari harridura sortaraziko diona», esan du Tabakalerako zuzendari nagusia den Edurne Ormazabalek.

Urriaren 2an abiatuko da Tabakalerako zinearen programazio egonkorra, asteazkenetik ostiralera eskainiko diren proiekzioekin. Filmategiko zuzendaria den Joxean Fernandezen hitzetan, «zinemagintza zuzena eta ez ohikoaren hiru adibide dira. Bellon, Schanelec eta Fassbinder zinegile ezagunak eta sarituak dira, eta ikuslea harrituko dutela uste dugu».

Urritik abendura arte Bellon eta Schanelec-ek hartuko dute Tabakalerako pantaila. Tarte horretan, lehenengo, Biarritzen sortutako zinegile feminista bat ezagutzeko aukera izango dugu, gizarte gaien inguruan kezka eta ardura handiak dituena.

Angela Schanelec-i dagokionez, aski ezaguna bilakatu den zuzendari bat da, nazioarteko zine-jaialdietan harrera bikaina izaten ari dena. Horren adibide garbia da Berlinalen jaso zuen Zilarrezko Hartza.

Fassbinder izango da urritik ekainera arte luzatuko den atzera begirakoaren protagonista. 35 film luze, bi film labur eta telebistarako zuzendu dituen bi telesail proiektatuko dira.

Josemi Beltrán, Donostia Kulturako Zine Unitatearen arduradunak aipatu duenaren arabera, «Nosferatuk eskainiko dion zikloa Estatuan egin den osoena da. Aukera paregabea da zuzendari ezeroso hau sakontasunez ezagutzeko. Bere obra gaurkotasunez betea dagoela uste dugu». Atzera begirakoa sendotzeko, ‘Fassbinder +’ programa antolatu dute, zuzendari alemaniarrarekin modu batean edo bestean lotutako beste 17 filmekin.

Aurten, lehen aldiz, zine bonu berritu bat eskainiko dute. Tabakalerako pantailan 2019-2020 ikasturtean eskainiko den programazio osoa ikusteko aukera emango du honek: 70 euro balio ditu eta 30 lan ikusi ahal izango dira. 100 bonu jarriko dituzte salgai, eta erosi ahal izateko Tabakalera txartela (doakoa) izatea ezinbestekoa izango da.