Euskal Jardunaldi Feministak badatoz: «Salda badagoela erakutsiko dugu»

Boskarren aldiz ospatuko dira Euskal Herriko Jardunaldi Feministak, Durangon azaroaren 1etik 3ra. Jada aurkeztu dituzte, eta pozik, guztira 110 ponentzia, eztabaida eta tailer proposamen jaso baitira, «salda badagoela» adieraziz.

NAIZ|2019/09/20 17:57
Feminista
V. Jardunaldi Feminista hauen aurkezpena.

Ehun proposamenetik gora bildu dituzte Euskal Herriko V. Jardunaldi Feminista hauen antolatzaileek. Azaroaren 1etik 3ra ospatuko dira Durangon, baina izen-emateko epea laster irekiko da, urriaren 7an hain zuzen ere.

Jada aurrera daiteke egitarau oparo izango dutela jardunaldiok. Izan ere, webgunetik jaskota proposamen guztiak bildu eta txukundu ondoren, 38 ponentzia proposamen eta 70 tailer jaso dira. Ondorio hauxe atera dute: «Izugarria izan da sare feministatik jasotako erantzuna; bizirik eta indartsu ari garenaren seinale da».

«Jardunaldi feministak mugarri garrantzitsua izaten dira Mugimendu Feministarentzat –gogoratu dute–, elkarrekin bildu eta datozen urteetarako lerro nagusiak markatzen baititugu bertan. Azkenengoak duela hamaika urte izan ziren Portugaleten eta ordutik hona asko aldatu da testingurua Euskal Herrian. Denbora tarte horretan Mugimendu Feminista ez da geldirik egon eta orain gaurkotasun osoz ari da proposamenak egiten», nabarmendu dute.

Horren seinale dira jada zehaztu diren bost mahai inguru zentralak. Ostiralean, «dekolonitatea eta gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak» izango dira hizpide. Larunbatean, «gorputzak eta sexualitateak eta indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen» leloaren inguruan arituko dira. Igandean, azkenik, «mugimendu feminista erraiei begira» jarriko dela aurreratu dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK