Gotzon ARANBURU

Adimena eta elkar laguntza, herri txikiek eusteko tresnak

«Herri txiki adimentsuak» jarri diote izena egitasmoari, eta ezin egokiagoa da, adimena erruz -eta gogoa eta lana…- beharko baitute herri txikiek bizirik irauteko. Esperantzarik badago, ordea, buru argi asko ari baitira diagnostikoak egiten eta irtenbideak proposatzen, Eusko Ikaskuntzak Idiazabalen antolatutako jardunaldian ikusi ahal izan dugunez.

Adituak, enpresak, garapen agentziak, instituzioak… denak daude hemen ordezkatuta. Bakoitzak bere tamaina eta baliabideak ditu, baina denek bat egiten dute diagnostiko orokorrean: bai mundu mailan eta bai Euskal Herrian, biztanleria landa-eremua utzi eta hiriguneetara joaten ari da lan egitera eta bizitzera. Horrekin batera, baliabide ekonomikoak polo konkretu batzuetan kontzentratzen dira, hain zuzen ere hirburu horietan eta horien ingurunean. Bi prozesu hauek batera, hirigunearen eta landa-eremuaren arteko desoreka sortzen ari dira. Konponbidea ez da erraza, baina agente guztiak bat datoz: elkarlana eta elkarzaintza ezinbestekoak direla landa-eremuko herritarren bizitza kalitatea eta herriaren beraren iraupena ziurtatzeko.

Gaindegiako Julen Landak datuak jarri ditu mahai gainean. Landa-eremuko herria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa biztanle galera. 2.500 bizilagun ingurukoek hazkunde txiki bat ere izan dute, 1.000koek ez dute inongo hazkunderik, eta 1.000tik beherakoek galera nabarmena jasan dute, Gaindegiak egindako ikerketaren arabera. Gipuzkoan bereziki kaltetuak, Beizama edo Leintz-Gatzaga, esate baterako. Eta zenbat eta biztanle gutxiago, eta zenbat eta isolatuago, orduan eta zailago oinarrizko zerbitzuak jasotzea.

Gainera, egoera oraindik ere zailagoa bihurtzeko, herri horietan geratzen diren biztanleak gizon-emakume zaharrenak dira, hain justu ere oinarrizko zerbitzu horiek gehien behar dituztenak.

Ez da hemen bukatzen arazoen errosarioa. Formakuntza mailan ere nahikoa atzera geratuta daude herri txikietako bizilagunak, orohar, eta bertakoen errentak oso lotuta daude inguruko industriari. Ondorioz, maskulinizazio nabarmena gertatzen da, eta gizonen eta emakumeen arteko errentan arrakala nabarmena detektatu du Gaindegiak.

Gainera, industriarekiko dependentzia horrek -langabezia tasa txikia izatea dakarrenak, bide batez- aktibitate endogenoak sortzea zaildu egiten du. Haur-eskolarik ere denek ez dute, osasun-zerbitzuak urruti, irisgarritasun arazoak ere ugari… panorama ez da samurra.

Ingurumenari dagokionez, lurren artifizializazioa handia da, kontrako ustea dagoen arren. Bi erronka aipatu ditu Julen Landak, biak ere «estrategikoak». Bata, elikadura burujabetza, eta bestea energia berriztagarriak.

Ez daude, ordea, landa-eremuko herri txikiak men egiteko prest. Egitasmoak han eta hemen ari dira sortzen, eta horietako mordo bat jarri dute mahai gainean Idiazabalen. Itziar Lurik «Arras Baztan» sormarkaren berri eman du, Elixabet Lopez de Munianek Idiazabal eta European Cheese Route gaia azaldu du, Zeraingo Aitzol Telleriak zurezko «Axalko» bizikletak nola egiten dituzten erakutsi du, Idurre Lukasek eta Ekaitz Zubeltzuk «Txindokiko itzala»ren berri eman dute, turismo iraunkorra eta garapen lokala lotuaz… Denek ere helburu bera dute, aktibitate endogenoak sortzea edo indartzea,  horiexek ikusten baitituzte tresna nagusi herriak berrindartzeko.

Hirigintza partehartzailea ere hizpide izan da Idiazabalen, Koldobika Telleria arkiteku segurarraren bidez. Herri horretako «Errebote”»prozesua nola burutzen ari den azaldu du, alegia, Segurako eremu jakin batekin zer egin, zertarako prestatu, nola berreraiki, hori guztia herritarren partehartzearekin egin dute.

«Bigarren mailakotzat»

Partehartzea, elkarlana, auzolana, etengabe entzun ditugun terminoak izan dira. Baina beharbada Agintzari kooperatibako Unai Zabalak erabili ditu gehien, herri txikietako biztanleen bizi baldintzak zorrotz aztertuta. «Ez da nik esana, Arartekoak baizik, EAEko biztanle guztiek ez dituztela gizarte zerbitzu berdinak jasotzen. Nolabait ere, landa eremuko biztanle batzuk bigarren mailakotzat kontsidera daitezke arlo honetan», esan du. Adinean gora joateak, isolamenduak, irisgarritasun arazoek… horiek guztiek bakardade arazoak, esate baterako, nabarmen haztea ekarri dute. Zerainen, adibidez, biztanleen hirutik batek 65 urtetik gora dauzka.

Kanpoan begiratu dute, arazo hau Mendebalde osoan gertatzen ari baita, ea zer esperientzia burutzen ari diren. Eta errealitateak oso ezberdinak direla ikusi dute. Isolamenduaz ari garelarik, esate baterako, Angiozarren izango dira arazoak, baina Australia barnealdean ez da batere arraroa etxe batetik bestera 400 kilometro egotea. Finlandian laguntza-agenteak bidaltzen hasi dira landa-eremura, baina berehala konturatu dira Helsinki hiriburuko laguntzaileak, prestasun handiena izanda ere, ez direla egokienak baso artean galdutako herri txiki batean lan egiteko, bertakoa behar duela han.

Agintzarikoek geolokalizazioarekin hasi dira lanean. Izan ere, jakin beharra dago gure herriotako bakoitzeko 65 urtetik gorako nor non bizi den, zer egoeratan, zer familia daukan, etxetik irteten den, osasunez nola dagoen, autobusa eskura duen, telefonorik badaukan… mapa hori osatu beharra dago, laguntza ahalik eta era erangikorrenean bideratzeko. Agente komunitarioak prestatu beharra azpimarratu du Unai Zabalak, komunitate-tribua osatu beharra, bideak konpontzeko edo ura ekartzeko auzolana egiten den bezalaxe elkar zaintzeko ere egitea. Ez da inoren bizitzan muturra sartzea, baizik eta hitz egiteko norbait izatea, herriko berriak konpartitzea, osasunaz aritzea, gaixotasun fisiko edo mentalaren zantzuak detektatuz gero horren berri ematea…

Ez da teknikari bereziki prestatua behar horretarako. Jarrera kontua da, eta oraindik ere badago gure herriotan dezenteko sare soziala, bizilagunei kasu egiten dien jendea. Angiozarren, esaterako, ba omen dago emakume bat igandetako meza ondoren baserrietara ogia eramaten duena. Zein hoberik agente komunitario bihurtzeko? Aguazilek ere, abisuak bidaltzeaz edo isunak eramateaz gain, arduratu daitezke mendian galdutako baserri hartan dena ondo doan begiratzeaz.

Edozein kasutan, garbi utzi du Unaik ondo zahartzen ikasi beharra daukagula oraintxe. Lehen 65 urteko «zaharrak» etxe barruan geratzen baziren, orain ez dela holakorik, adin horretan beste bizitza bat hasi egiten dela, eta fase horretarako egoki prestatu beharra daukagula. Herri txikietan eta handietan.