Jon Ormazabal

Mikel Urrutikoetxea ez da osatu eta uko egin dio kaiolan jokatzeari

Asteburu honetako partidetako galtzaileen artean tantorik gehien egiten duen pilotariak beteko du Zaratamokoaren lekua final laurdenetako ligaxkan.

Urrutikoetxeak Bilboko Aste Nagusian hartu zuen min. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Urrutikoetxeak Bilboko Aste Nagusian hartu zuen min. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Mikel Urrutikoetxea ez da abuztuaren 21ean ezker bularraldean Bilbon izandako zuntz hausturaz erabat osatu eta uko egin dio bihar Zallan hasiko den Lau eta Erdikoan parte hartzeari. Hasieran hiru bat asteko kontua izan behar zena uste baino gehiago luzatu da eta Zaratamokoak ez du bere burua urriaren 14an, Tolosan, Jokin Altunaren aurka jokatu behar zuen partidan aritzeko moduan ikusten eta amore eman behar izan du.

Iazko hirugarren sailkatu bezala, aurrelari bizkaitarrak final laurdenetako ligaxkan hasi behar zuen txapelketa eta, araudiari erreparatuta, final zortzirenetako kanporaketetan galtzaile irteten diren lau pilotarien artean tantorik gehien lortzen duen pilotariak beteko du Baikoko pilotariaren lekua. Gauzak horrela, txapelketa eskaileraren beheko mailan hasten duten zortzi pilotarietatik bostek lortuko dute hurrengo kanporaketarako txartela, lau irabazleek eta galtzaileen artean tantorik gehien egitea lortzen duenak.

Txapelketarentzat ez ezik, Urrutikoetxearen hutsunea handia da Baikorentzat, izan ere, kontuan izan behar da Aimar Olaizolak ere uko egin ziola aurtengo kaiolakoan jokatzeari, bere burua erabat osatuta ikusten ez zuelako. Lehendik ere txapelketa gaztea bazen 2019ko hau, are gazteagoa egingo du Mikel Urrutikoetxearen bajak. Oinatz Bengoetxea izango da lehiaketako pilotaririk beteranoena 35 urterekin eta hurrengoa Joseba Ezkurdia, egungo txapelduna, izango da, 28rekin.