Elorrioko eraikin publikoetako garbitzaileek hitzarmena sinatu dute Udalarekin

Bost hilabeteko grebaren ostean, Elorrioko eraikin publikoetako garbitzaileek hitzarmena sinatu dute Udalarekin. Kategoria, lanaldiak eta lanaldi partzialak hobetzen ditu akordioak eta honen eraginez, soldatak hobetuko dira.

NAIZ|Elorrio|2019/10/07
Elorrio_garbitzaile
Elorrioko eraikin publikoetako garbitzaileek sinaturiko hitzarmena ospatu dute. (ELA)

Elorrioko eraikin publikoetako garbitzaileek akordioa sinatu dute Udalarekin astelehen honetan eta bost hilabeteko grebari amaiera eman diote. Akordio berrian kategoria, lanaldiak eta lanaldi partzialak hobetzen ditu eta honen eraginez, soldatetan igoerak emango dira. Udalak zehaztu duenez, kategoria hobetzearekin %11,33 igoko dira soldatak eta igoera handiagoa izango da bakoitzari gehitu zaizkion lanorduen arabera.

Eraikin publikoetako garbiketa zerbitzua azpikontratatua du Elorrioko Udalak eta akordio honek langileek egindako hainbat aldarrikapen aintzat hartzen dituela nabarmendu du ELAk, borroka hau aurrera eraman duen sindikatuak. Besteak beste, honako baldintza hauek jasotzen dira hitzarmenean: lan-karga handiari aurre egin ahal izateko lanaldiak luzatzea, kategoria igoerak, lanaldi partzialak hobekuntza, etab. Bere kalkuluen arabera, «guztira, langileek kolektiboaren soldata %20,76 igotzea lortu da».

ELAren ustez akordioa posible izan da langileen mobilizazio eta borrokarako gaitasunari esker. Zentzu horretan tamalgarria iruditzen zaio bost hilabetez luzatu behar izana gatazka bidezkoak ziren lan-baldintzak eskuratu ahal izateko: «Argi dago Administrazioak azpikontratatutako esparruan grebak ezinbestekoak direla, hain zuzen, azpikontratazio sistemak berak bultzatzen dituen miseriazko baldintzak gainditzeko».

Soldata arrakalaren aurkako gatazka bezala irudikatu zuten langileek hasieratik –kale garbitzaileen eta eraikinetako garbitzaileen artekoa, alegia– eta «garaipen hau soldata arrakalaren aurkako borroka argia da».

Udalaren erantzuna

Soldata arrakalaren aferarekin lotuta, Elorrioko Udalak zenbait azalpen eman dio NAIZi. Idoia Buruaga alkateak zehaztu du kale garbitzaileak Udaleko langileak direla –«hau da, funtzionarioak»– eta eraikin publikoetako zerbitzua Eulen enpresari azpikontratatuta dagoela, langile pribatuak direla, eta beraz bi zerbitzuetako langileen artean existitzen den soldata arrakalak ez duela generoaren ikuspegirik.

«Eulenek hitzarmen sektorial bat du, gehiengo sindikalak –ELAk izan ezik– iaz sinatu zuena eta Udalari dagokio hori bermatzen dela ziurtatzea», azaldu du. 

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen atarian ELA sindikatuak %80ko soldata igoeraren eskakizuna helarazi zion udal gobernuari, «eta negoziatzen hasteko aukerarik eman gabe, greba mugagabea hasi zuen». Azkenean, Udalak langile hauen baldintzak hobetze aldera, astelehen honetan sinaturiko hitzarmena proposatu zuen, «akordio sektorialaren ordezko izan gabe, berez hori baita borrokatu behar dena». Argitu du, era berean, ELAren proposamena ez dela inoiz izan zerbitzua publifikatzearena.

Orain, lizitazio prozesu berri bat jarriko du martxan Udalak, hitzarmen horretan jasotako baldintza berriekin: lanaldien luzapena eta kategoriaren hobetzea, hain zuzen ere.