Halterofiliako euskal selekzioa Austrian lehiatuko da asteburu honetan

Euskadiko Federazioak ofizialki onartua izateko eskaera aurkeztu zuen uztailean Nazioarteko Federazioaren aurrean. Erabakiaren zain dagoen bitartean, 15.000 euroko diru laguntza jasoko du Lakuako gobernutik nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

NAIZ|2019/10/08 18:00
Halterofilia
Bruno Soto eta Jon Redondo, uztailean Hungariara egindako bidaian (IREKIA)

Lakuako Gobernu Kontseiluak 15.000 euroko diru laguntza onartu du astearte honetako bilkuran Euskadiko Halterofilia Federazioarentzat, nazioarteko txapelketetan ofizialki parte hartzeko ematen ari den urratsak babesteko. Diru laguntza horri esker, halterofiliako euskal selekzioa nazioarteko probatan lehiatuko da, horietako lehena datorren asteburuan, Austriako Günther Stapfer Nazioarteko 26. Txapelketan.

Beste federazio batzuen urratsei jarraituz, Euskadiko Halterofilia Federazioak Nazioarteko Halterofilia Federazioan sartzeko eskaera egitea onartu zuen bere batzarrean, eta joan den uztailean euskal ordezkariak Nazioarteko Federazioak Budapesten (Hungaria) duen egoitzan izan ziren eskaera hori ofizialki aurkezteko.

Euskadiko Federazioak Gasteizko gobernuaren babesarekin erabaki zuen pausu hori ematea, nazioarteko federazioaren estatutuak aztertu ondoren; izan ere, estatutuotan espresuki onartzen da estatu ez diren lurraldeen edo nazioen parte hartzea. Hala, Gales, Eskozia edo Ipar Irlanda bezalako Europako lurraldeak eta antzeko ezaugarriak dituzten Amerikako beste batzuk ere nazioarteko federazioko parte dira, kirol mailan horrek esan nahi duen guztiarekin.

Nazioarteko federazioaren erantzunaren zain dagoen bitartean, euskal selekzioak udazkenean nazioarteko zenbait lehiaketatan parte hartzeko aukera izango du.