Mikel Nievek beste bi urtez jarraituko du Mitcheltonen

Leitzarrak 35 urte ditu eta orain bi denboraldi iritsi zen talde australiarrera Sky utzi ostean. Bere «esperientzia» baliatu nahi dute itzuli handietan txirrindulari gazteei eta taldeko liderrei laguntzeko.

Asier AIESTARAN|2019/10/08 18:20
Nieve
Nievek Mitcheltonen elastikoarekin jarraituko du beste bi urtez (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Mikel Nievek beste bi urtez jarraituko du Mitchelton-Scott taldean. Halaxe baieztatu du egitura australiarrak prentsa ohar baten bidez. Bertan aipatzen denez, leitzarrak bere «esperientzia» eman dio taldeari itzuli handietan eta hori oso baliagarria izan da sailkapen nagusiko lehian jarduten duten liderrentzat.

Baina Esteban Chaves eta Yates anaiei laguntzeaz aparte, Nievek bere garaipen zerrenda loditzeko aukera izan duela ere nabarmentzen du oharrak, 2018an Giroan irabazitako etapa eta aurtengo Vueltan lortutako "top10a" gogoratuz.

«Pozik nago taldean. Aldaketa handia izan zen 2018koa, eta berandu hasi nintzen lehiatzen, eroriko baten erruz egun asko galdu nituelako. Aurten denboraldi osoa lehiatzeko aukera izan dut eta konfidantza hartu dut taldekide guztiekin», dio Nievek taldeari eginiko adierazpenetan.

«Iazko Giroa polita izan zen Simonekin (Yates) eta aurten ere asko gozatu dut taldekideekin. Uste dut hurrengo bi urteetan ere rol berdina izango dudala itzuli handietan. Esperientzia dezente dut jada eta espero dut hori lagungarria izatea taldearentzat lasterketa garrantzitsuetan. Oso igotzaile onak dauzkagu eta polita da txirrindulari gazteak, Lucas (Hamilton) adibidez, hazten ikustea eta haiei lagundu ahal izatea», gaineratu du 35 urteko nafarrak.

Taldearen partetik, Matt White kirol zuzendariaren adierazpenak jaso ditu oharrak. «Mikel oso fidagarria izan da gurekin egon den bi urteotan eta gustatuko litzaiguke gurekin jarraitzea korritzen segi nahi duen bitartean».

«Esperientzia handia dauka. Skyrekin Tourrak eta itzuli handiak irabazitakoa da, eta guk talde oso gaztea daukagula kontuan hartuta, garrantzitsua da horrenbeste esperientzia duen txirrindulari bat gurekin edukitzea. Eredua da, tipo bikaina», gaineratu du Whitek.