Pentsiodunak Madrilera iritsi bezperan, elkarretaratzeak egin dituzte Hegoaldeko hiriburuetan

Irailaren 23an abiatutako pentsiodunen martxa Madrilera iristeko bezperan, pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan elkarretaratzeak egin dituzte, martxan diren kideei elkartasuna adierazi eta jada betikotu diren aldarrikapenak gogoraraziz.

naiz|2019/10/14
Pentsiodunakbilbo
Pentsiodunak, goizean Bilbon egindako elkarretaratzean (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bihar arratsaldean iritsiko dira Madrilera irailaren 23an Bilbotik abiatutako 35 pentsiodunak 400 kilometro oinez egin ostean, bidean Iparraldeko Zutabeari batu zatzaizkien beste erretiratuekin batera, eta bertan elkartuko dira Hegoaldeko Zutabearekin, Andaluziako Rotatik abiatu zirenekin. Madrilera iritsita, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIarekin lotutako igoera eskatuko dute asteazkenean, Pentsioen Sistema Publikoaren Defentsarako Estatuko Koordinadorak deitutako manifestazioan. Puerta del Soletik Kongresurako bidea egingo dute, 11.00etan hasita.

Bitartean, astelehenero legez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte pentsiodunek, oraingo honetan ere, bereziki Madrilera bidean ari diren lagunekin oroituz. Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak Bilboko protestan nabarmendu du pentsioen auzia «borondate politiko» kontua dela, horregatik, martxan ari direnek «politikarien kontzientzia mugituko duten» esperantza agertu du.

Gaur 91. astelehenez bildu dira pentsiodunak, eta Uñak arbuiatu du, ia bi urteren ondoren, hasieran eskatzen zutenaren «berdin-berdina» galdegiten ari direla orain. «Orain arte, partxeak besterik ez ditugu izan», esan du Bilboko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean.

Pentsiodunen plataformek jakinarazi dute, halaber, Madrilen ez ezik Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egingo dituztela manifestazioak, gazteen kolektiboekin eta feministekin batera, «udazken bero» bat bultzatzeko aldarrikapenei dagokienez, eta azaroaren 10eko hauteskunde orokorren karietara.