NAIZ

Idiazabal eta Artzai Gazta elkarteko 63 gazta, munduko onenen artean

Hainbat herrialdetako 3.800 gazta lehiatu dira World Cheese Awards txapelketako 32. edizioan, Bergamon. Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gazta Elkarteko gaztandegiek guztira 63 domina eskuratu dituzte. Azkarraga gaztandegiaren gazta ‘Munduko gazta keturik onena’ izendatu dute.

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta zatia Euskal Gaztaren azokan.(Jon URBE / FOKU)
Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta zatia Euskal Gaztaren azokan.(Jon URBE / FOKU)

Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gazta Elkarteko gaztandegiek 63 domina eskuratu dituzte Bergamon (Italia) ospatu zen World Cheese Awards txapelketako 32. edizioan. Super Urrezko domina bat, hamabi urrezko domina, hogeita bat zilarrezko eta hogeita bederatzi brontzezko lortu dituzte. 

Super Urrezko dominari dagokionez, Artzai Gazta Elkarteko Azkarraga gaztandegiaren gaztak irabazi du. ‘Munduko gazta keturik onena’ izendatu dute. Elkarteak azaldu duenez, «aipamen berezia merezi du». Gaztandegi horretan Gorka eta Iban Asurmendi anaiek bere latxa artaldearen esne gordinez egiten dute gazta «eta bere aitak erakutsi bezala ketzen dute».

30 herrialde ezberdinetako 250 epaile ingururen ardura izan da gazta onenen izendapenak argitzea. Hainbat herrialdetako 3.800 gaztaren artean Idiazabal eta Artzain Gaztako 63 gaztandegi nabarmendu dituzte.

Pirinioetako Artisau Gazta Txapelketan ere sarituak

Pasa den asteburuan, La Seu d’Urgell-en ospatu den Pirinioetako Artisau Gazta Txapelketan Idiazabal Artzai-Gaztako hiru gaztandegi saritu zituzten. Sat Olano (Araba), Angel Linzoain-Atekoa (Nafarroa) eta Baztarrika (Gipuzkoa) gaztandegiek lortu dituzte lehen hiru sariak Gazta Zaharra kategorian.