«Hegan Oinez» leloarekin antolatuko du 2020ko Nafarroa Oinez Lizarrako ikastolak

Datorren urteko urriaren 18an ospatuko dute Lizarrran Nafarroa Oinez, urte osoan ekitaldiak antolatuko badituzte ere. 50 urte beteko ditu ikastolak 2020an ospatzeko jaia izanen da. «Hegan oinez» izanen da leloa.

Martxelo DÍAZ|2019/11/06
Oinez
Lizarra Ikastolako presidentea (Unai Gardoki) eta zuzendaria (Unai Sueskun), NIEko zuzendari Josu Reparazekin, logoa erakusten. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Hegan oinez» izanen da heldu den urteko Nafarroa Oinezen leloa. Lizarra ikastolaren ardura izanen da urriaren 18ko jaia eta urte osoan zehar prestatuko diren ekitaldia antolatzea. Unai Gardoki ikastolako presidenteak gogoratu duenez 50 urte beteko ditu Lizarra ikastolak euskara sustatzen eta hori ospatu nahi dute.

Hautatu duten logoak 50 urte hauetako ibilbidea jasotzen du. Lizarrako Ega ibaia aipatzen da bertan. Honekin batera, oinez egindako bidearen ondoren hegan hasteko gogoak dituztela irudikatu izan nahi dute.

Helburu konkretuei dagokionean, ikastolako haur eskola indartzea da horietako bat. Izan ere, «guregana datozen haurrek gure haur eskolan eman ohi dituzte lehen urratsak eta horrexegatik Lizarra Ikastolako ume horien beharretara egokitu beharra dugu», azaldu du Josu Sueskun Lizarra ikastolako zuzendariak. Honekin batera, ikastolaren eraikina jasangarriagoa izatea eta ingurugiroaren babesa sendotzeko garatuko diren formakuntzarako estrategiak bultzatu nahi dira.

Tuterako Argia ikastola

Iruñean egin duten agerraldi berean, aurten Oinez antolatu duten Argiako ikastolako arduradunak (Maru Eriz presidentea eta Argiñe Korta zuzendaria) izan dira. Espero zutena baino jende gutxiago hurbildu zirela onartu dute, eguraldia lagun ez zutelako izan.

Dena den, jaiaren balorazio positiboa egin dute eta festa antolatzeko lanean jardun ziren lagunen esfortzua eskertu. Yugoko Ama Birjinaren ermitaren inguruan antolatu den Oinez Basoa etorkizunerako geldituko diren elementuen artean aipatu dute.