Jon Ander Peña da Lau eta Erdiko Promozioko txapelduna (22-15)

Jon Alberdik ongi eutsi dio tolosarrari neurketaren lehen erdian, baina bigarren zatian Peñaren abiadurak erabaki du finala.

Asier AIESTARAN|2019/11/09
Promozio-finala
Peña, garaipena ospatzen partida amaieran (Iñigo URIZ / FOKU)

Jon Ander Peñak merezita irabazi du Lau eta Erdiko Promozio Txapelketaren finala. Tolosarrak 22-15 menderatu du Jon Alberdi azpeitiarra Iruñeko Labrit pilotalekuan, batez ere bigarren zatian bere bizitasuna eta kolpea nagusitu direlako.

Lehen erdian Alberdik oso ongi eutsi dio Peñaren joari. Are gehiago, denbora dezentean markagailuan aurretik ere ibili da urdinez jokatu duen pilotaria. Hasierako tanto trukaketaren ostean, Alberdi 3-6, 6-10 eta 7-11 aurreratu da.

«Hasieran oso ongi jokatu dudala uste dut. Gustura sentitzen nintzen kantxan, asmatu dut Peñari eskubia bilatzen, eta horixe zen gakoa nire ustez», adierazi du azpeitiarrak partida amaieran.

Sakearekin dezente asmatu du tarte horretan, eta sake-errematearekin min handia egin dio Jon Ander Peñari. Eta tolosarra, aldiz, lekua hartu ezinik ibili da, huts gehiegi eginez.

Baina hasierako urduritasunak igarota, Peña sakearekin gehiago asmatzen hasi da, eta hortxe hasi da finala kolorez aldatzen. Sakeari sekulako abiadura sartuz, bost tanto egin ditu zuzenean lehen jokaldi horrekin, eta tantoa bideratu du beste askotan –bi falta ere egin ditu, bat luze eta bestea motz–.

«Bera oso ongi hasi da, eta nik huts asko egin ditut. Baina, bigarren zatian sakearekin asko asmatu dut, min handia egin diot, eta nik uste hortik aurrera lasaitu egin naizela. Bigarren atsedenaldira aurretik joateak ere (18-13) konfidantza eman dit», aitortu du Peñak.

Tolosarraren une onenak izan dira, Alberdiren gainetik igaro da tarte horretan, eta azpeitiarra azken txanpan neurketa estutzen saiatu bada ere, jada oso berandu zen.

Azkenean 22-15 Peñaren alde eta tolosarrak Lehen mailan jokatzeko aukera izango du datorren urtean: «Sari handia da. Txikitatik daukazun amets bat da hori, baina bidea oso luzea izaten da. Nire kasuan hiru urte behar izan ditut, hiru final, txapela jantzi ahal izateko. Oso pozik nago».