L214 elkarteak animalien defentsa hartu du bere sorreratik. Animaliak garraiatzeko modua eta, azkeneko urteotan, abereak akabatzeko orduan hiltegietan baliatzen dituzten «modu ankerrak» salatzeko hainbat salaketa kanpaina aitzineratu du. Izan ere, Maulen hartu zituen irudiak direla eta 10.000 euroko isuna ordaindu beharko du elkarteak.
Mauleko hiltegian ezkutuan harturiko bideo baten laguntzaz, abereek hil aurretik jasan zuten tratu krudela salatu zuen, 2016ko martxoan, aipaturiko elkarteak. Bideoa birala bilakatu ondoren, hiltegiko jabea eta lau langile ere auzipetu zituzten Pauen.
Bideoa plazaratu eta hiru urte beranduago iragan zen auzi horretan Gerard Clement Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari 6 hilabeteko espetxe zigorra (bete beharrik gabe) eta 200 euroko isuna ezarri zion epaileak, «iruzurra» egiteagatik.
L214 elkarteak ezkutuan hartu zituen irudietan txahalak eta arkumeak hiltzen agertzen ziren lau langileek, ostera, 80 eta 520 euro arteko isunak jaso zituzten animaliei «beharrezkoa ez zen tratu txarra ematea» egotzita.
Finean, Mauleko hiltegiak 3.800 euroko isuna jaso zuen tratu txarrengatik, 10.000 euro kalitatearen iruzurra egiteagatik eta beste 10.000 euro eragindako kalteengatik.