EAEko ekoizpen zientifikoa %3,5 hazi da eta 6.200 argitalpeneko muga gainditu du

EAEko ekoizpen zientifikoa %3,5 hazi da azken urtean eta urteko 6.241 argitalpeneko kopurua lortu du. Azken hamarkadan bikoiztu egin da, ‘Zientzia Euskadin 2019’ txostenaren arabera. 

NAIZ|BILBO|2019/11/25
Ikerbasque
‘Zientzia Euskadin 2019’ txostena Bilbon aurkeztu dute. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin, ‘Zientzia Euskadin 2019’ Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien EAEko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Dokumentu horretan jasotzen denez, EAEko ekoizpen zientifikoa %3,5 handitu da azken urtean, urteko 6.241 argitalpen zientifiko kopururaino. Horrek esan nahi du EAEko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin dela azken hamarkadan. Erkidegoaren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan eta 2018an espainiar Estatuko ekoizpen zientifikoaren %6,5 izan da.

Argitalpenen kalitateari dagokionez, «dezente areagotu» da, eta hori bi faktoretan islatu da: ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi dela azken hamarkadan, eta ikertzaileek lankidetzan dihardutela munduko eragile zientifiko nagusiekin: AEBak, Alemania, Britainia Handia, Estatu frantsesa eta Italia. EAEko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia %20 hazi da azken hamarkadan, eta nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenak %54ra igo dira 2018an. Lankidetza horietan euskal ikertzaileek «nagusitasunezko posizioa» dute, eta kasu askotan argitalpenen egile nagusiak dira.

Ehun langiletatik ia bi

Sektoreka, zientzia-ekoizpen osoaren %65 euskal unibertsitateei dagokie –UPV/EHU buru, indexatutako 3.500 argitalpen baino gehiago dituela–, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak. Gehien lantzen diren arlo tematikoak, berriz, honakoak dira: Medikuntza, Ingeniaritza, Fisika, Materialen Zientzia, Kimika, Biokimika eta Genetika.

Ikerketa lanetara dedikatzn diren pertsonen kopurua 19.274koa zen iaz Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Lanaldi osoko ikerketen baliokidetasunean EDPn, 13.000 baino gehiago egongo lirateke. Datu horiek adierazten dute EAEko biztanleria aktiboaren %1,88 I+G jarduerara dedikatzen direla, hau da, 100 langileetatik ia 2 pertsona ikertzera dedikatzen dira hiru herrialdeetan.