‘Lursaguak’-ek eraman du Euskal Zine Bileran filme onenaren saria

Izibene Oñederrak zuzendutako ‘Lursaguak’ filmak eraman du 42. Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria eta Zuzendaritza onena Mikele Landarentzat izan da, ‘Heldu’ filmagatik. Josu Martinezi gidoigintza errekonozitu zaio, ‘Anti’ lanagatik.

NAIZ|LEKEITIO|2019/12/01
Zine_bilera
Saridunen familia argazkia atzo, amaiera ekitaldian. (Euskal Zine Bilera)

Amaitu da Euskal Zine Bilera jaialdiaren 42. edizioa eta, horrekin batera, eman dira jakitera irabazleak eta film onenen izenak. Guztira, hogei lan izan ziren lehiaketan sartzea lortu eta azaroaren 25etik 28ra bitartean ikusi ahal izan zirenak, Lekeition.

Film onenaren saria Izibene Oñederrak zuzendutako ‘Lursaguak’ filmak eraman zuen atzo, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela erakusten duen animaziozko pelikulagatik.

Zuzendaritza onenaren saria Mikele Landaren ‘Heldu’ lanak eraman zuen. Arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan barneratzen den proposamenak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.

Gidoi onenaren saria, bestalde, Josu Martinezen ‘Anti’ lanarentzat izan da. Euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duen kontakizunarentzat izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Era berean, bigarren urtez, Ikuslearen saria ere eman zen atzoko amaiera ekitaldian. Irabazlea Lekeition bertan gelditu zen, izan ere, astean zehar emandako botoen bidez, Azkue ikastolako ikasleek eginiko ‘Ouija’ filma izan da garaipena eraman duena. Haientzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Beste errekonozimenduak

Hiru sari nagusietaz harago, bi urtean behin ematen den Benito Ansola Saria Oier Fuentesen ‘Emisio etena’ proiektuarentzat izan da. Egitasmoak gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bideak zabaltzea du xede. Proiektu saridunak lana aurrera eraman beharko du hurrengo urtean eta 43. Euskal Zine Bilera-ren edizioan aurkeztuko da.

Azkenik, Euskal Zinemaren Begiradak Juanmi Gutierrez zuzendariaren ibilbidea omendu zuen, izan ere, goraipatu zutenez, errenteriarrak film labur eta dokumentalgintzan «ekarpen oparoa egin dio euskal zinemagintzari, baita ikerketaren eta irakaskuntzaren alorretan ere».

Irabazleak irabazle, Euskal Zine Bilerak jaialdiak sarituak izan direnak ez ezik, partaide guztiak zoriondu nahi izan zituen «haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik».