Lakuako aurrekontu proiektuak «jendartearen beharrei bizkar ematen diela» salatu du LABek

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez, Lakuako aurrekontu proiektuak «jendartearen beharrei bizkar ematen die». «Aurrekontu proiektu honekin arrazoi gehiago ditugu urtarrilaren 30ean greba orokorrera jotzeko», azpimarratu du.

NAIZ|BILBO|2019/12/02
Lab
LABek Bilbon eskainitako prentsaurrekoa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta sindikatuko Exekutiboko kide Edurne Larrañagak agerraldia egin dute Lakuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari buruzko balorazioa egiteko. 2020. urterako proposatutako zenbakiek «haserrea» eragiten dutela nabarmendu dute, «jendartearen beharrei bizkar ematen dietelako». «Aurrekontu proiektu honekin arrazoi gehiago ditugu urtarrilaren 30ean greba orokorrera jotzeko», adierazi du Aranburuk.

«Prekarizazio prozesuak amaierarik ez duen testuinguru batean, non gero eta pobrezia gehiago dagoen eta desberdintasun sozialak gero eta nabarmenagoak diren, fase ekonomiko berri baten atarian gauden honetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak sumindura eragiten du. Aurrekontu hauek ez daude pentsatuta aberastasunaren bidezko banaketa bat egiteko, eta horrek sortzen du haserrea, herritarren beharrei bizkar ematea erabaki politiko bat delako», nabarmendu du.



Eta EAJk «bere posizioa ez duela aldatu» ohartarazi du: «Betiko tokian dago, elite ekonomikoen ondoan, bere oasis propioan». Halaber, Aranburuk Ahal Duguren jarrera kritikatu du, «kontu neoliberal eta antisozialak bozkatzeko prest dagoelako».



Aurrekontu proiektuak ez duela kalean dauden aldarrikapen bakar bat bera ere jasotzen azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak. Adierazi duenez, «ez dago pobreziarekin amaitzeko asmorik. Gastu sozialera zuzendutako kopuruak behera egiten jarraitzen du, BPGarekiko. Aurrekontu proiektuan islatzen dira jada DSBEn eta etxebizitza arloko prestazio osagarrietan egin nahi dituzten murrizketak». Eta hauek ez direla aurrekontu feministak ohartarazi du. «Ez dugu onartuko instituzioek diskurtso feminista bere egin dezaten, ez badituzte bide horretan lagunduko duten politika publikoak garatzen», azaldu du.



LABek salatu duenez, Gasteizko Gobernuak proposatutako proiektuak ez du «kalitatezko enplegu baten alde apustu egiten» eta, sindikatuaren ustez, «ez dago pentsioen sistema publikoa indartzeko konpromisorik. «1.080 euroko gutxieneko pentsioa osatu dezakete, baina ez dute nahi», kritikatu du idazkari nagusiak. Sektore publikoa indartzeko apusturik ez dagoela gaineratu du eta krisi ekologikoari ez zaiola aurre egiten salatu du. «Egoera hau ekarri duen garapen ereduari jarraipena ematen zaio. AHTaren proiektuak diru zati handi bat eramaten du», esan du.



Hau guztiagatik, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du are eta arrazoi gehiago daudela oraindik urtarrilaren 30ean greba orokorrera jotzeko: «Egun horretan, Euskal Herriko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu, lan, pentsio eta bizi duinaren alde», azpimarratu du.