Naiz

Hamaika Telebistak 11 urte beteko ditu 2020an

Hamaikagarren urteurrena ospatzeko programazio berezia izango du Hamaika Telebistak Gabonetan. Urte Zahar Gauean egingo duten saioarekin batera hasiko duten ospakizuna urte osoan zehar luzatuko da.

Hamaika Telebistak 11 urte beteko ditu.
Hamaika Telebistak 11 urte beteko ditu.

Hamaika Telebistak urteurren berezia du gertu, eta nahiz eta urte osoko ospakizuna izango den Urte Zahar Gauean saio berezi batekin hasiko dira. Gainera, Eguberritarako programazioa indartu dute.

Urte Zahar Gauean ‘Kolpez kolpe’ saio berezia egingo dute sorpresa ugarirekin. Gaueko hamaiketan kanpaikadak egingo dituzte era berritzailean. Platoan izango dira Naroa Iturri, Tessa Andonegi, Miren Legorburu, Amaia Ereñaga eta Dorleta Urretabizkaia. Aurreratu ez dituzte gonbidatu gehiago ere izango dira bertan.

Gabonetan zehar bestelako emanaldi berezi izango dira. ‘Hezurren memoria’ saioaren azken txanpa datozen egunetan emitituko dute. Izan ere, aurreko ataletan frankismo garaiko paramilitar eta enpresariei buruz mintzatu ziren, gero memoria historikoan lanean aritzen diren elkarteei hitza eman zieten, eta azken atalean historialariekin irakurketa egingo dute.

‘Marakana txikia’-ren tartean, berriz, Athletic eta Realari buruzko saio bereziak izango dira Beñat Zarrabeitiarekin. Musikaren arloan, ‘Musikariak ikastetxeetan’ saio estreinatu berriak hiru kapitulo ekarriko ditu abenduaren 20an, abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an, 22.00etan.

Abenduaren 25an Nafarroako emakumeekin egindako ‘Lotsagabe’ saioaren urteko bilduma emitituko dute, eta hilaren 27an, ordea, ‘Hiri baratzea’ saioaren onena. 29an ‘Itzaletik argira’ dokumentala estreinatuko dute, eta zuzendariak elkarrizketatzeko aukera baliatuko dute. 

Urte berriarekin, urtarrilaren 10ean, ‘Ohe hutsak’ saio berezia eskainiko dute gabonetan bildutako bideo onenekin, eta hurrengo egunean Bilbon egingo den presoen aldeko manifestazioa zuzenean eskainiko dute.

Programazio osoa Hamaika Telebistaren webgunean kontsulta daiteke. Bertan nahieran ikusi ahal izango dira saio guztiak, emisioaren ostean.