naiz

Aita Mari ontzia urtarrilaren 25ean itzuliko da itsasora, migratzaileei laguntza humanitarioa emateko

Aita Mari erreskate ontzia, Itsas Salbamendu Humanitarioa izeneko GKEkoa, itsasora itzuliko da urtarrilaren amaieran, migratzaileei laguntza humanitarioa ematen segitzeko. Atenasen egiten ari diren ontziaren berrikuspen-lanak amaitu beharko dituzte lehenengo.

Aita Mari ontzia, Greziako uharteetara abiatzear, iazko urrian. (Jon URBE/FOKU)
Aita Mari ontzia, Greziako uharteetara abiatzear, iazko urrian. (Jon URBE/FOKU)

Europa Press berri agentziak jasotako RNEri egindako adierazpenetan, Iñigo Gutierrez Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko lehendakariordeak esan du urtarrilaren 25ean dena ondo badoa Aita Mariren eskifaia berriro elkartuko dela Atenasen egiten ari diren ontziaren berrikuspen-lanak amaitu ondoren.

2016 eta 2017 urteetan «neguko su etenaren» inguruan hitz egiten zela esan du, eta horregatik migratzaileek «udaberrira edo udara arte nahiz itsasoaren egoera hobetu arte itxaroten zuten», baina ohartarazi duenez, «orain, eguraldi oneko iragarpena dagoenean, itsasora botatzen dira, desesperazioa erabatekoa delako».

«Libia orain infernu bat da, eromena, eta horren aurrean itsasoratzen dira», esan du, eta soilik salbatzen dira «GKEren baten taldearekin bat doazen ontziak». Halaber, adierazi du Aita Mari ontziak beharrezko lege baldintzak betetzen dituela, eta, beraz, «erabat legalki nabigatuko duela».

«Bizitzeko eskubidea eta itsasoan arriskuan dauden pertsonei laguntzeko betebeharra edozer gauzaren gainetik daude. Guk laguntza humanitarioa emango dugu, beste ontzi batzuei laguntzetik hasi eta, hala badagokio, erreskateak egiteraino», gaineratu du Iñigo Gutierrezek elkarrizketa horretan.