NAIZ

Gogora Institutua susmopean jarri du PPk, Memoriaren Plazaren kontratuen harira

Gogora Institutuaren zuzendari den Aintzane Ezenarro Legebiltzarrera deituko du PPk, Memoriaren Plazaren kontratuetan irregulartasunak ikusten dituela eta. EAJko kargodun batekin lotzen du enpresa. Iñigo Urkulluri ere azalpenak eskatuko dizkio.

Ezenarrori eta Urkulluri azalpenak eskatuko dizkie PPk. (Raul BOGAJO | FOKU)
Ezenarrori eta Urkulluri azalpenak eskatuko dizkie PPk. (Raul BOGAJO | FOKU)

Carmelo Barrio PPko Gasteizko legebiltzarkideak iragarri duenez, Aintzane Ezenarro Gogora Institutoko zuzendaria Ganbaran agertzea eskatuko dute, Memoriaren Plaza izeneko herriz herriko ekimenean kontratu «ugari» susmagarriak direlakoan.

Hedabide digital batek argitaratu duenaren haritik tiraka, Montai enpresa 28 aldiz kontratatu duela Gogorak esan du PPk (antza 23tan adjudikazio zuzenen bitartez), eta enpresa EAJko kargodun batena dela erantsi du.

Montaik eskuratutako kontratu horiek guztira 762.886 euro suposatzen dutela ziurtatu du Carmelo Barriok. Eta Estali izeneko beste enpresa bat ere horretan aritu dela eta Gogora sortu baino lehen egun eskas lehenago sortu zutela («inolako baliabiderik eta langilerik gabe») erantsi du.

Informazio horiek «larri-larriak» direlakoan, ahalik eta lasterren Legebiltzarrean azalpenak emateko beharra nabarmendu du PPk, Ezenarro zuzenean seinalatuz baina institutua lehendakariaren menpe ere badela gogora ekarriz.

Gobernua kontrolatzeko Osoko Bilkuran Iñigo Urkulluri galdera luzatuko dio PP, beraz, auzi honengatik, «zalantzak eta susmoak argi ditzan». «Oraindik ez du Eusko Legebiltzarrean ‘De Miguel auziari’ buruzko azalpenik eman, EAEko ustelkeria kasu larriena izan den arren», salatu du aldi berean.

«Dauden zalantza larriak argitzen ez badira, EAJko kargodun edo militante batek duen enpresa bat den toki orotan Administrazioak irregulartasunez beteriko kontratuak egiten dizkiola pentsa dezakete hiritarrek», adierazi du Barriok.