Sexu aniztasunean jarriko du arreta Zinegoak jaialdiak

Aurtengo 17. edizioak sexu-aniztasunak gizabanako gisa ematen dizkigun aukeren aniztasunean jarriko du azpimarra. Emakume cis lesbianak, gizon trans heterosexualak, pertsona bisexualen arteko bikoteak… sexu aniztasunari heltzean, pertsonen orientazioan bakarrik geratzea errealitatea mugatzea dela aldarrikatu dute.

NAIZ|BILBO|2020/01/08
Pau_guillen_
Pau Guillen Zinegoak jaialdiaren zuzendaria, aurtengo kartelarekin. (NAIZ)

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak sexu aniztasunak gizabanako gisa ematen duen aukera aniztasunean jarriko du arretan 17. edizioan, otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitarte. Gainera, antolakuntzak ezagutzera eman du aurtengo edizioaren kartela: irudiaren egilea Mar Saez argazkilaria da, eta argazkia ‘Vera y Victoria’ proiektuaren parte da.

Jaialdiaren arduradunen iritziz, «sexu aniztasunari heltzean, pertsonen orientazioan bakarrik geratzea errealitatea mugatzea da. Izateko, adierazteko, sentitzeko edo maitatzeko modu asko dago, ñabardura asko daude, eta ñabardura horiek guztiek gure gorputzekin, sentimenduekin eta emozioekin askoz ere egokiago bizitzeko aukera ematen digute».

Pau Guillen Zinegoak jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, «aurten erakutsi nahi genuen sexu aniztasunaz berba egiten dugunean pertsonen sexu orientazioaz baino gauza gehiagoz ari garela. Genero identitateaz edo genero adierazpenaz ere berba egin nahi dugu, besteak beste. Elementu horien konbinazioek hamaika aukera sortzen dituzte».

Aurtengo edizioaren kartelak ildo horrekin bat egiten duela azpimarratu du Guillenek: «Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen digu gai horiei guztiei kalitate estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko». Eta ideia hori nabarmendu nahi izan du hain justu Saezek. Lehen begiratu batean, irudia emakume lesbianen bikote baten irudikapena da, baina horrek protagonisten sexu orientazioaz baino ez luke hitz egingo. «Beste ezaugarri batzuetan sakontzen dugunean, hala nola, sexu-identitatean, konturatuko gara irudiaren protagonistak emakume trans bat eta emakume cis bat direla», azaldu du Guillenek.

«Askotan galdetzen digute ea beharrezkoak diren horrenbeste etiketa. Gure ideia justu kontrakoa da, denak ezabatzea, baina beharrezkoa egiten jarraitzen duten bitartean, identifikatu ahal izateko eta gizarte osoak izan, maitatu edo adierazteko ditugun modu desberdinak ikusarazi ahal izateko, uste dugu pertsona guztientzat sortu behar direla», gaineratu du.

Zinegoak otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean egingo da, baina aurreko egunetan, ohi bezala, beste elkarte, kolektibo eta erakunde batzuekin batera hainbat jarduera egingo dira ‘3,2,1 … Zinegoak!’ Atalaren barruan.