IDOIA ERASO

Euskarazko hedabideen garrantzia agerian utzi du EEPk Ipar Euskal Herrian egin duen inkestak

Ipar Euskal Herriko hedabideen kontsumoaren azterketa aurkeztu du Euskararen Erakunde Publikoak Baionan. 2019ko urrian bildutako datuen arabera biztanleriaren %42k euskara hutsezko edukia duen hedabide bat kontsumitzen du erregularki edo noizbehinka. NAIZ taldeko Mediabask.eus bertako bigarren agerkari digital bisitatuena da, eta Kazeta.eus euskarazkoen artean bigarrena.

Beñat Arrabit, Bernadette Soule eta Ibai Agirrebarrena EEPko egoitzan. (Guillaume FAUVEAU)
Beñat Arrabit, Bernadette Soule eta Ibai Agirrebarrena EEPko egoitzan. (Guillaume FAUVEAU)

‘Hedabideen eta euskarazko hedabide eta emankizunen Ipar Euskal Herriko erabilpen ohitura eta kontsumoari buruzko azterketa’ txostenaren emaitzak aurkeztu dituzte, Euskal Erakunde Publikoaren (EEP) egoitzan. 13 urtetik gorako 1.600 pertsonen artean egindako inekestaren emaitzak eman dituzte ezagutzera Baionan.

Hedabideen kontsumoari buruzko datu hain zehatza biltzen dituen lehen txostena da. Aurreko inkesta 2006an egin zen, eta garaian aztertu ez ziren eremuak agertzen dira oraingoan, hori dela eta bi galdeketen emaitzak ezin direla erkatu azaldu du inkesta egin duen Cohda enpresako Ibai Agirrebarrenak. Hemendik goiti bost urtero egitea egoki litzatekeela adierazi du EEPko zuzendari Bernadette Soulek.

Iparraldeko hiru lurraldeetako biztanlego osoa kontuan izanik, %42k erregularki edo noizbehinka gutxienez euskara hutsezko edukia duen hedabide bat kontsumitzen du, kopuru hori asko handitzen da euskaldunen artean, %88koa izanik. Kontsumitzaile gehien dituen euskarazko hedabidea Euskal Irratiak da (%27), ETB1 (%24), Kanaldude (%14), Gaztea (%8), Euskadi Irratia (%6), ETB3 (%5), ‘Berria’ (%4), ‘Herria’ (%3), Berria.eus (%3), Kazeta.eus (%2) eta ‘Ipar Euskal Herriko Hitza’ paperean (%1) eta internetez (%1).

Ipar Euskal Herriko euskara hutsezko bost agerkariak biltzen dituen Euskal Hedabideak elkarteetako medioetara jotzen du gizartearen %31k, eta kopuru horrek %80ra egiten du gora euskaldunen artean, %53koa euskaldun hartzaileen artean eta %14koa erdaldunen artean. NAIZ taldeko Kazeta.eus ataria euskarazko bigarren hedabide bisitatuena da interneten, Kanalduderen atzetik.

EEPren balorazio positiboa

Beñat Arrabit, EEPko presidente eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako presidenteordeak «baikorki» baloratu ditu emaitzak, eta gizarteari eta enpresei «euskaraz ere kontsumitzen dela» jakinaraztearen garrantzia azpimarratu du. Soulek zentzu horretan gaineratu du: «Inkestaren emaitzek konfirmatzen dute gure hizkuntz politikarako lerroen pertinentzia. Orain enpresek eta hedabideek datuek har beharko dituzte barne politikarako erabakiak hartzeko, euskarazko eskeintza egokitu edo moldatzeko».

Soulek inkesta proiektu estrategiko gisa definitu du, eta hizkuntza politikan beharrezkoa den hedabideen sailean EEPtik definitutako oinarrien egokitasuna agerian uzten duela azpimarratu du.

Euskarazko hedabideak azkartzea da oinarri horietako lehena, eta inkestaren emaitzek erakusten dute gizartetik heltzen den eskaera kuantitatiboa dela, kualitatiboa egokitzat jotzen baita. Telebistari dagokionez, %93k euskarazko telebista kalitatez gogobetegarritza hartzen du, baina soilik %63 dira kopuruarekin pozik; euskaldunen artean portzentaiak %52ra egiten du behera. Euskarazko telebista ikusten dutenen artean, %41k euskarazko eduki eta programa gehiago nahiko luke. Irratian euskarazko produkzioaren kalitatearekin pozik %94a bada, %83a kantitatearekin, eta azken hau euskaldunen artean %77ra jaisten da. Prentsari dagokionez, %97a pozik da euskarazko produkizioaren kalitatearekin, eta %70a kopuruarekin.

Frantsesezko hedabideetan euskararen presentzia handitzea da EEPtik bultzatu nahi den beste politiketako bat. Inkestak ere erakusten du euskarazko eduki gehiago izatea galde egiten duela gizartearen parte garrantzitsu batek. Herena inguru telebistan, laurdena inguru irratietan eta herena inguru prentsa idatzian. Kopuru horiek gora egiten dute euskaldunen artean, %60 inguru telebistan, %40 inguru irratian eta %40 inguru prentsa idatzian.

Azken politika lerroa Euskal Telebistaren hedapena ziurtatzea da.

Tokiko hedabideak

Tokiko hedabideei dagokienez, %88ak bat edo gehiago kontsumitzen ditu, eta %74k bederen bi. Batez beste, biztanleriak 4,2 bertako hedabide kontsumitzen ditu noizbehinka edo erregularki, kopuru hori 7,1era igotzen da euskaldunen artean.

Hedabide guztiei orokorrean begiratuta, biztanlegoaren %90ak telebista ikusten du, baina %62ak soilik ikusten du tokiko telebista. Irratiari dagokionez, %84a da Estatu zein tokikoa eta %53a bertako da soilik. Egunkariei begitatuta bertakoen indarra nabaria da, %56 osotasunean, eta %52 tokikoa. Astekarien artean %29 orokorrean eta %14 kontsumitzen dira bertakoak. Azkenik, sarean kontsultatutako egunkarien artean portzentaia %36koa da osoki, eta %29a Ipar Euskal Herrikoak berekoak.

Ipar Euskal Herriko astekarien artean bigarrena da Mediabask, %4k irakurtzen du erregularki edo noizbehinka. Webguneari dagokionez, NAIZ taldeko frantsesezko euskarria prentsa idatziari loturiko bigarren webgune bisitatuena ere bada; izan ere biztanlegoaren %8k irakurtzen du erregularki edo noizbehinka. Astekarietan ‘La Semaine du Pays Basque’ (%11) da lehena, eta interneten ‘Sud Ouest’ (%27).

Telebistari dagokionez, estatu mailako kateen ondoren (%87), TVPI (%53), France 3 telebista publikoko Ipar Euskal Herriko deskonexioa (%51), ETB1 (%24) eta Kanaldude (%14) dira behatuenak. Irratien artean ere estatu mailakoak dira lehenak (%67), atzetik daude France Bleu Pays Basque (%43), Euskal Irratiak (%27), EITB (%11) eta Euskadi Gaztea (%8).

Hedabideak osotasunean hartuta izaten den kontsumoari dagokionez, argi agertzen da euskaldunek hedabide gehiago kontsultatzen dituztela. Biztanleriak noizbehinka edota erregularki 4,2 hedabide kontsultatzen baditu, kopuru horrek 7,1era egiten du gora euskaldunen artean. Kontsumo erregularrari dagokionez ere tendentzia bera ikusten da, orokorrean 1,5ekoa bada, euskaldunen artean 2,6koa da.

Inkestatuak

2019ko urrian egindako 1.600 inkesten emaitzek osatzen dute txostena. Profil ezberdinak kontuan hartu dira inkestatuak hautatzeko momentuan. Galdekatu diren pertsonen %29 euskaldun edo euskaldun hartzaileak dira, eta %45ek ez du batere ulertzen; tartean ulermen maila ezberdinak atzematen dira.

Batez besteko adina 50 urtekoa izan da, %53 emazteak eta %47 gizonezkoak. Baiona hirigunekoak izan dira kontsultatutakoen %43, Hego Lapurdikoak %22, Lapurdi barnealdekoak %23, Nafarroa Beherekoak %8 eta Zuberoakoak %4.