Haritz Larrañaga

«Lankidetza hitzarmena» sinatu dute Ipar Euskal Herrian Euskaraldia garatzeko

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Konfederazioak «lankidetza hitzarmena sinatu» dute «gehiago, gehiagotan, gehiagorekin» goiburua izango duen 2020ko Euskaraldia Ipar Euskal Herrian elkarlanean antolatzeko. 2018ko Euskaraldiko bilana aurkeztu ostean, bigarren edizioan izango diren berritasunak azaldu dituzte.

Baionan egin agerraldian aurkeztu dituzte Ipar Euskal Herriko Euskaraldiak izango dituen ezaugarriak. Guillaume FAUVEAU
Baionan egin agerraldian aurkeztu dituzte Ipar Euskal Herriko Euskaraldiak izango dituen ezaugarriak. Guillaume FAUVEAU

2018ko Euskaraldiaren bilana baikorki baloratu dute Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzeko lanean ari diren eragileek eta aurtengo edizioa arrakastaz gauzatzeko zein oinarriren arabera lan egingo duten azaldu dute. 2020ko Euskaraldia sostengatzeko, Euskal Konfederazioa, Euskaltzaleen Topagunea, AEK, Seaska, Biga Bai, Euskal Haizeak eta Uda Leku elkarteko ordezkariak izan dira Baionan eskaini duten prentsaurrekoan.

Euskal Konfederazioko kide den Sebastien Castetek aditzera eman duenez, lehen edizioko arrakastaren zergatiak hiru arrazoi nagusi ditu: herritarren parte hartzea, instituzioekin burutu zen elkarlana eta herri eta eskualdeetako lantaldeak koordinatu eta dinamizatzeko egin zen lana.

Guztira, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 64 herri/eskualdetan egin zuten Euskaraldia hamaika egun iraun zituen lehen edizioan eta 6.013 lagunek hartu zuten hizkuntz ohiturak aldatzeko konpromisoa (%72 Ahobizi eta %28 Belarriprest). Hobetzeko gauzen atalean, ostera, Ahobizi eta Belarripresten rolak definitzeko beharra azpimarratu dute.

Herrietako taldeak eta erakunde publikoak

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia garatzeko lau oinarri nagusi hartuko dituzte kontuan: Ahobizi/Belarripresten rolak gizarteratu eta egonkortu, Herri batzordeak indartu, entitateetan urratsak eman eta hizkuntz ohiturak aldatzea.

Hau guztia aurrera eramateko pasa den abenduan hasi ziren lanean Ipar Euskal Herrian. Batetik, euskalgintza eta instituzioak biltzen dituen lankidetza espazio horizontala zabaldu da, eta bestetik, lau lagunez osatutako «talde ibiltaria» sortu dute herrietan taldeak sortu eta dinamizatzen laguntzeko.  

Ondorioz, Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzen ari den lan taldea, herriz herri ibiliko da, baina aldi berean, EEP, Euskal Elkargoa eta Euskal Konfederazioko ordezkariekin ere elkar lanean ariko da, apiriletik aurrera egingo duten dinamizazio lana ahalik eta eraginkorrena izateko helburuarekin. «Gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin, dio aurtengo edizioko lemak, eta hori errazago izango da eragile guztien parte hartzearekin», adierazi du Xan Aire koordinatzaileak.

Ariguneak

Aurtengo Euskaraldiaren bereizgarrietako bat norbanakoez gain entitateei ere parte hartzeko eskainiko zaien aukera izango da eta, zentzu horretan, enpresa eta elkarteez gain herriko etxeekin ere harremanetan jarriko dira. Aurreko edizioan 20 herriko etxek parte hartu zuen Ipar Euskal Herrian Euskaraldian, baina oraingo honetan, herriko etxeez gain enpresa eta elkarteengana ere joango dira, eremu anitzetan euskaraz hitz egin ahal izateko Ariguneak sortzeko, entitateak bitarteko egoki direla baiteritzote Euskaraldiko antolatzaileek.

Entitateekin orain artean egin den Euskal Herri mailako bilkura bakarrean, jada Hendaiako Sokoa altzairu enpresa eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako ordezkariak izan ziren. «Euskararen erabilera eremuak zabaltzeko lan munduan urratsak ematearen garrantzia» nabarmendu Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, bere iritziz, «Euskaraldia amaitu ostean ere lanean jarraitzeko aukera anitz ematen dituen eremua delako».