Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez! dinamikak bi mobilizazio aurkeztu ditu martxorako

Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez! dinamikak hurrengo hilabeteetan burutuko dituen ekimenen berri eman du. Martxoaren 14an topaketa nazionala egingo du Durangon, eta martxoaren 28an manifestazioa Bilboko Zabalburu plazatik.

Asier ROBLES|2020/01/23
Eurocopahoniez1
Bilbo2020-Eurokopa Honi Ez kolektiboaren agerraldia bere ekimenak iragartzeko. (Monika DEL VALLE).

Aurreko martxoaren 26an aurkeztu zuten Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez! dinamika, San Mames zelaiaren kanpoaldean, aurtengo ekainean Bilbon jokatuko den Eurocoparen 16. edizioari aurre egiteko asmoa plazaratuz.

Dinamika martxan jarri zutenetik, Euskal Herri osoan aurkezpenak egiten ibili dira, Eurocopari ez esateko arrazoiak azalduz: «Langile klasearen esplotazioa areagotzen duelako, Euskal Selekzioari ofizialtasuna ukatzen diolako, emakume langileak sufritzen duen biolentziaren areagotzea edo Euskal Herriko kaleak faxistez eta indar polizial armatuez betetzea, besteak beste».

Dinamikaren hitzetan, Eurocopa izango den makro-ebentua, «ikuskizun soil bat izatetik urrun, burgesia autonomistak bultzaturiko estrategia orokorrago baten baitan kokatu behar da, non honek bere klase interesen arabera eraikitako hiria bilakatu nahi du Bilbo».

Horregatik, Euskal Herrian existitzen den Eurocoparekiko «kontrakotasuna» adierazteko bi jomuga aurkeztu dituzte dinamikako kideek.

Martxoaren 14an, topaketa nazionala egingo dute Durangon. Bertan, kirola eta politikaren harremanaren inguruko mahai-ingurua, bazkaria, kalejira eta kontzertuak izango dira. Tiketak otsailetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Martxoaren 28an manifestazio nazionala deitu dute Bilboko Zabalburu plazatik, «antolakuntzaz aurre egin, Eurocopa honi ez!» lelopean.