Euskaltzaindiaren iazko mendeurreneko egitarauaren baitan antolatu zen iaz Lautan Hiru antzerki jaialdia. Izan zuen harrera ona ikustean, aurten ere jarraipena egitea otu zaie. Xedea, euskarazko antzerkia hauspotzea, antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea eta, bide batez, Bilboko Zazpikaleetako giroan eragina izatea.
Hain modan dagoen formatu txikiko antzerki mota honen bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. 20-30 minutuko piezak izango dira gehienak –pare bat luzetxoagoak izango dira, halaber– eta guztiak euskaraz. Ikusleria ‘ibiltari’ ibiliko da, gune batetik bestera. Laguntza-bonuak 5 eurotan jarri dira, eta Biran (Erronda kalea) eta Euskaltzaindian (Plaza Barrian) salduko dira. Pieza bakarra ikusi nahi duenarentzat, berriz, 2 euroko sarrerak ere egongo dira gune desberdinetan.
Hauek dira hitzorduak: Otsailaren 6an, Cecilia Paganini klown argentinarraren ‘Lolipop’ (Euskaltzaindia, 19.00etan), jarraian aurtengo Cafe Bar Bilbaoko sariko ‘Salaketa’ pieza irabazlearen irakurraldia egingo da (Cafe Bar Bilbao, 20.00etan) eta Ituiño magoaren ‘Maixuaren edari miragarria’ (Bira Kultura, 21.00etan) ikuskizunarekin bukatuko dute.
Otsailaren 13an, Mikel Martinez aktoreak Iban Zalduaren ipuin batean oinarritutako ‘Orbangabe’ bakarrizketa motza (Cafe Bar Bilbao, 19.00etan), Goitibera konpainiaren ‘Amatxik dixkit’ (Euskaltzaindia, 19.45) eta Miren Tirapuren ‘Manifestu bat’ (Zazpi Katu, 20.45) monologoa eskainiko dira. Goitiberaren lanak euskarazko ikuskizun onenari Kriseilu saria eta Ikusleen saria irabazi zuen Pabellon 6-ko antzerki jardunaldietan.
Otsailaren 20an, gai ‘gogor’ batekin hasi –‘Edipo eta Yokasta’ (Euskaltzaindia, 19.00)– eta jarraian umorera joko dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren ‘Bakean dagoena bakean utzi’ komediarekin (Zazpi Katu, 20.00). Bukatzeko, estreinatu berria den Galder Perez eta Ane Zabalaren ‘ETAri agiri bulegoa’ ikusi ahal izango da (Bira Kultura, 21.00etan).
Eta otsailak 27an, azken egunean, Beatriz Egizabal ipuin-kontalariarekin hasi (Euskaltzaindia, 19.00), bakarrizketa sendo batekin jarraitu –Erika Olaizolaren ‘Panpina’ (Zazpi Katu, 20.00etan)– eta, bukatzeko, sesio bikoitza prestatu dute Telmo Irureta aktore tetraplegikoarekin –horixe baita bere ‘Hiltzen zarenean’ (Bira kultura, 21.00etan) piezaren abiapuntua– eta Yogurinha Borovaren musikarekin.