naiz

Jaialdiaren etenaren zergatiak argitu ditu Hondarribia Blueseko zuzendariak

Carlos Mallesen ametsa zen Hondarribia Blues Jaialdia eta ez duela xede hori baztertuko esan du. Udalari irtenbideak proposatzean ez du aldeko jarrerarik jaso. Bestalde, argitu du arazoak Udalaren irizpide aldaketengatik gertatu zirela, eta horregatik zegozkion dirulaguntzak ez dituela jaso.

Noa Voll Damm 2018ko Hondarribia Blues-eko edizioan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Noa Voll Damm 2018ko Hondarribia Blues-eko edizioan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Uztailean ospatu ohi da Hondarribia Blues jaialdia, baina iazko maiatzan iragarri zuen Carlos Malles zuzendariak 2019ko edizioa bertan behera geldituko zela. Ez zuen orduan xehetasunik eman, baina orain azalpenak ematea erabaki du eta errua Udalarena dela esan du.

Izan ere, uste du Txomin Sagarzazu alkateak ez duela jaialdiari jarraikortasuna emateko borondaterik, publikoki kontrakoa esan badu ere. Iritzi hori justifikatzeko orain arte izandako gatazken berri eman du. Kontatutakoaren arabera, 2018ko edizioa antolatzeko orduan Blue Vision S.L. enpresak  –Carlos Mallesen enpresa– hartu zuen kargu, aurreko zazpi edizioetan bezala, Malles berak proposatutako programa eta aurrekontua kontutan izanik. Jaialdiko aurrekontua 280.000 eurotan zehaztu zuten eta «diru izendapen izendun» bezala ematea erabaki zuten.

Mallesen hitzetan, gastu guztiak «azken zentimora arte» faktura bidez justifikatu ziren, baina 2018ko azken hilabetetan arazoak hasi ziren Udalak dirulaguntza emateko irizpideak aldatu zituelako: alde batetik, dirulaguntza «izenduna» ezin zuela izan eta, bestetik, dirulaguntza jasotzeko aldez aurretik ordainketa guztiak egin behar zirela.

«Jaialdia amaitu eta hainbat hilabetetara, eta profesional guztiok geure lana behar bezala eginda, esan zidaten onartutako dirulaguntza ez zela emango, eta nik zenbatekoak aurreratu eta ordainketak frogatu behar nituela», salatu du Mallesek. Blues Vision enpresako langile bakarra Malles bera da, beraz ezin dio diru kantitate handi horri aurre egin. Hala ere, ordurako beste dirulaguntza batzuk jasoak zituen eta ordainketa gehienak egin ahal izan zituen, hiru faktura izan ezik (tartean berea).

Mallesek azaleratu duenez, jarrera horrek bere familiaren «egoera ekomonikoa behin betiko arriskuan» jarri du, eta Udalarekin bilerak egin arren, «irtenbideak bilatu ordez, kezka handia agertu zuten adierazpen publikoakzein izango diren» jakiteatagatik.

Mallesek dio ulertzen duela irizpide aldaketa prozesua akats bat zuzentzeko izan zela, baina kasu honetan «edozein irteera motaren aurka» agertu dela bere kontrako jarrera erakutsiz. «Azpimarratu nahi dut hemen inork ez duela diru publikoa gaizki erabili, eta ez dela egin ez den ezer ordaintzeko eskatu», adierazi du.

Era berean, esan du 90.000 lagun baino gehiago erakartzen dituen jaialdi hau aurrera eramatea bere ametsa zela eta ez duela baztertuko, eta horregatik Udalari berreskuratzeko hainbat proposamen egin dizkiola, baina ez duela aldeko jarrerarik jaso eta, horregatik, 2020ko edizioa ere ez dela ospatuko uste du.