Aita Mari ontziak 93 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan

Aita Mari erreskate ontziak 93 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan, eta portu seguru baten zain dago orain. Diotenez, «portu seguru eta hurbileko bakarrak italiarrak eta maltarrak dira».

naiz|2020/02/09
Aita-mari
Aita Marik erreskatatu dituen haurretako bat. (Pablo GARCIA/AFP)

Aita Mari erreskate ontziak 93 pertsona aurkitu eta lagundu ditu igande honetan Mediterraneoan. Horietako zortzi adingabeak dira, eta hiru emakume haurdun daude. Orain, horiek lehorreratzeko portu seguru bat lortzea espero du tripulazioak.

Abenduan eta urtarrilean itsasontziaren mantentze-lanak egin ondoren, erreskate ontzia joan den urtarrilaren 30ean itsasoratu zen Atenasko Pireo portutik, «itsasoko misio humanitarioa berrartzeko» eta «flota solidarioa indartu» nahiz «itsasoan bizitza defendatzeko».

Horrela, Mediterraneo itsasoan 93 pertsona erreskatatu ditu igandean, Aita Mariren arduraduna den Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) GKEak jakinarazpen batean adierazi duenez. Erreskatatutako pertsonak, zehaztu dutenez, «ordu asko» zeramaten «ontzi prekario» batean nabigatzen.

Erreskatatuen artean 16 emakume daude, horietako hiru haurdun, 37 adingabe eta 40 gizon.

Orain, Aita Mari ontzia lehorreratzeko «portu seguru baten esleipenaren» zain dago. GKEak adierazi duenez, «portu seguru eta hurbileko bakarrak italiarrak eta maltarrak dira».

SMHk Europako agintariei galdegin diete eremu horretan salbamendu-gailu bat mantentzeaz arduratzeko. «Ezin dute erantzukizun hori alboratzen jarraitu behea jo duen egoera batean, Libian, esaterako», gaineratu du.