naiz
Zaldibar

Zaldibarko zabortegiaren inguruko kudeaketa eta «informazio eza» salatu ditu Eguzkik

Eguzki talde ekologistak Zaldibarko zabortegian gertatutakoa «kudeaketa txarraren ondorio bat» dela adierazi du eta Lakuari leporatu dio desagertutako langileen senideak eta inguruetako bizilagunak pairatazen ari diren «informazio eza». Ekologistak Martxanek, bestetik, bertan «lindano usaina nabaria» dela adierazi du.

Zaldibarko bizilagunen bilera. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Zaldibarko bizilagunen bilera. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Eguzki talde ekologistak «elkartasuna» adierazi die Zaldibarko zabortegian desagertutako langileen bi familiei eta gertatu dena ez dela «ustekabeko istripu bat izan» salatu dute, baizik eta «kudeaketa txarraren ondorio bat».

Informazioaren kudeaketa gaitzetsi du Eguzkik ohar baten bidez. «Administrazioek gertakariari buruzko informazio guztia kontrolatzeko duten interesak informaziorik eza edo desinformazio barkaezina eta eskandalagarria eragin du, eta horrek ondorio larriak eragin ditu», adierazi dute. Zentzu horretan kokatu dute erreskate lanak bertan amiantoa zegoela jakin gabe abiatu ziana, besteak beste. «Eusko Jaurlaritzak edota Ingurumen sailak noiz informatu behar zuten horretaz?», galdetu dute.

Era berean, inguruetako bizilagunak pairatzen ari diren informazio falta ere mahai gainean jarri nahi izan dute. «Ez dakite luizi gehiago egoteko aukerarik dagoen eta batez ere ez dute kutsadura arriskuen eta, ondorioz, osasun arriskuen berririk». Eta hor erantzunkizuna Lakuako Gobernuarena dela azpimarratu dute.

Ildo beretik, zabortegien kudeaketa «iluna» nabarmendu dute. «Verter Recyclingen historian arakatu bezain laster, kudeaketa eskasaren isla diren epai eta egoerak hasi dira agerian geratzen». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epaiaren arabera, ikertzen eta epaitzen ari ziren enpresa batek adierazi zuen PCBak (hondakin toxiko eta arriskutsuak) Zaldibarko zabortegira eraman zituela eta Lakuak hau «ikertu eta zigortu» egin behar zuela iritzi du Eguzkik.

Egonkortasunaren inguruko zalantzak ere plazaratu dituzte. «Orain amorruz entzuten dugu zabortegiari isuna jarriko diola baimendu gabeko hondakinengatik. Eta egonkortasuna, oraindik ez al da zalantzan jartzen?», galdetu dute. «Baina Eusko Jaurlaritzak ez du bere txostena aurkeztu. Ez du ezer esaten isuritako materialen analisiaz, isuritako baimendu gabeko produktuen kopuruaren berri duen edo ez, zergatik zen zabortegia betetzeko erritmoa hain handiaz, planean ezarritakoaren bikoitza. Ezta sutearen jatorriaren inguruan ere».

Ildo beretik, bertatik aterako diren hondakinen kudeaketaz galdetu du. «Ez du argitu nola kudeatuko dituen aterako diren hondakinak, amiantoa barne. Amianto guztia Zaldibartik eraman behar bada, 12.000 tona baino gehiago izango omen dira».

«Ingurumenarekin lotutako informazio eta kudeaketa publiko gardenak interes orokorra eta pertsonak lehenetsi behar ditu», defendatu dute eta hondakinen inguruko «politika osoa» berrikusi behar dela adierazi. Zentzu horretan, hondakinen kudeaketak zuzendaritza publikopean egin behar direla aldarrikatu dute.

Bestetik, Ekologistak Martxan elkarteak adierazi duenez, hondakinen artean oso toxikoa den lindanoa egon liteke. Sare sozialen bitartez adierazi dutenez, «lindano usaina nabaria da» eta «susmo handiak» dituzte.