Foro Sozialak bere lana Madrilera eramango du, lortutako emaitzetan oinarrituta

Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aldeko korronte demokratiko bat Estatu espainiarrean sortzea zen Foro Sozialaren helburua, hain zuzen ere, 2017an ezarri zuten lan ardatzetako bat. Orain, Estatuko hainbat tokitan «modu diskretuan» jardun ondoren, lan hau Madrilera eramango dutela iragarri du Foro Sozialak.

NAIZ|2020/02/13
Img_5659
Agus Hernan eta Bakartxo Tejeria, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko lehendakariarekin. (@ForoSoziala)

Joan den ikasturtetik hona, Madrilgo gizarte zibileko erakundeekin eta pertsona esanguratsuekin lan egin dutela azaldu du Foro Sozialak, bertan «Euskal Herrian ematen ari diren urratsak lagunduko dituzten gizarte-ekimenak sortzeko». «Espero dugu lan hori ekimen zehatzetan gauzatu ahal izatea», gaineratu du.

Ildo horretan, Foro Sozial Iraunkorrak «oso positiboki» baloratu nahi ditu aste honetan Katalunian gertatutako bi mugarriak. Lehenengoa, joan den astelehenean, Kataluniako Parlament-ean, Junts Per Catalunya, ERC, PSC, En Comuns eta Cup alderdiek onartutako ‘Euskal Herriko bakearen aldeko Adierazpena’ aurkezteko ekimena eta, bigarrena, adierazpen honi Kataluniako sindikatu ia guztiek atxiki izana: CCOO, UGT, CSC sindikatua, Intersindical Alternativa de Catalunya IAC, Coordinadora Obrera Sindical cos eta CO.BAS.

Izan ere, bi mugarri horiek 2017. urtearen amaieran hasi zuten lanaren emaitza direla adierazi du Foro Sozialak eta, bide horretan, Katalunian beti izugarrizko ulermena aurkitu izan dutela gaineratu du.

«Bide mamitsu hau oso testuinguru garrantzitsuan hasi genuela gogoratu behar da. 2017ko apirilean ETAren armagabetze zibila gertatu berria zen», azaldu du. 2018ko urtarrilean Foro Sozial Iraunkorrak iragarri zuen ETA uda baino lehen desegingo zela, 2018ko maiatzaren hasieran gertatu zen bezala.

«Une hartan uste osoa genuen ETAren desegiteak eszenatoki berri batean jarriko gintuela, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarena, hain zuzen ere», nabarmendu du.

EAEn eta Nafarroan, «bi erkidegoen berezitasunekin», jada adostasun zabala dagoela adierazi dute, «gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozial bat, giza eskubideen kultura batean oinarritutako bakearen aldeko apustua egiten duena».

Baina, aldi berean, Euskal Herriak bizi duen bake agertoki berriarekiko Estatu espainiarrean dauden «ulertezintasun izugarrien jakitun» zirela eta direla azpimarratu du. «Aurreikusten genuen bezala, sektore batzuk aldaketa hori oztopatzen saiatzen ari dira. Boteretsuak dira garaileen eta garaituen logika errebantxista elikatzen jarraitzen duten aktoreak», salatu du Foro Sozialak.

Astelehenean Bartzelonan esan zuten bezala, Foro Sozial Iraunkorrak uste du «egoera hori iraultzeko korronte demokratiko bat sortu» behar dutela, «iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko garaia iritsi dela pentsatzen duten hainbeste demokrata espainiarrek ozen eta argi adieraztea behar dugu».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.