Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketako lehenengo fasea amaitu da

Atzo jokatu ziren lehen faseko azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian. Horiek igarota, ondoko sei taldeek eskuratu dute toki bat finalaurrekoetan: Bertsonautak, Arranopola, Atekaberts komeni, Lamixene, Hego haizea eta Sakaña. Otsailaren 29an abiatuko da finalaurrekoetako fasea.

Naiz|2020/02/15
Bardoak
Atzoko kanporaketetan parte hartu zuten bertsolarietako batzuk. (Bertsozale)

Hamahiru saio jokatuta, amaitu da 2020ko Bardoak bertso  lehiaketako lehenbiziko fasea, eta argitu dira honezkero finalaurrekoetara sailkatutako taldeen izenak. Atzo jokatu ziren lehen faseko azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian, eta horiek bukatutakoan argitu zen emaitza.

Gauzak horrela, Bertsozale Elkarteak ezagutzera eman duenez, Malerrekako Bertsonautak (A multzoko irabazlea), Lesakako Arranopola (B multzoko irabazlea), Leitzako Atekaberts komeni (C multzoko irabazlea), Berako Lamixene (D multzoko irabazlea), Barañaingo Hego Haizea (A,B eta C multzoetako bigarren sailkatuetan onena) eta Sakanako Sakaña (D multzoko bigarrena) izango dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak.

Lesakan jokatu zen atzoko lehen saioa, herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeen artean, Arrano Elkartean, eta giro onean. Bigarren puntua eskuratuta, hurrengo faserako sailkapena ziurtatu zuen etxeko taldeak. Antzera gertatu zen Leitzako Atekabeltz Gaztetxeko saioan ere, bertako Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko saioan. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua lortu zuten, sailkapena bermatuz. Hego Haizea taldekoak, dena den, ez ziren esku hutsik joan, sailkapena ere lortu baitute, A,B eta C multzoetako bigarren sailkatu onena gisara.

Otsagabian jokatu zen atzoko azken saioa, bertako Gartxot Elkartean. Herri horretan erroak dituen Amortziaren eliobak taldea eta Sakanako Sakaña izan ziren bertan kantuan. Lehenbizikoek irabazi zuten saioa, eta hain justu, faseko sailkapenean berdinketa eman zen bi talde horien artean. Desenpaterako irizpideak behin ezarrita, Sakanakoentzat da finalaurrekoetarako txartela.

Finalaurrekoak, sei saiotan

Hiru kanporaketa izango dira finalaurrekoetan, joan-itzuliko formatuan. Guztira, beraz, sei saio izango dira, ondorengo herrietan: Tuteran (otsailak 29), Anizen (otsailak 29), Atarrabian (martxoak 6), Tafallan (martxoak 7), Goizuetan (martxoak 14) eta Jaunsaratsen (martxoak 14). Lehen aldiz, finalaurrekoak ez dira jokatuko parte hartzen duten taldeen herrietan, baizik eta beste sei herrietan. Modu horretan, Bardoak egitasmoa eta bertsolaritza ahalik eta Nafarroako bazter gehienetara eraman nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.