NAIZ

Lakuako Gobernuak Anna Ferrer kooperanteari eman dio Ignacio Ellacuria saria

Ellacuria Sariaren epaimahaiak aitortu nahi izan du Anna Ferrerek Indiako «komunitate behartsuenekin, eta, bereziki, emakumeekin batera» egin duen lana. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak datorren asteazkenean, hilaren 26an, emango dio saria.

Anna Ferrer kooperanteari Ignacio Ellacuria saria eman dio Lakuak. (@FVICENTEFERRER)
Anna Ferrer kooperanteari Ignacio Ellacuria saria eman dio Lakuak. (@FVICENTEFERRER)

Lakuako Gobernuak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, Garapenerako Lankidetzako 2019ko Ignacio Ellacuria saria Anna Ferrer kooperanteari eta Vicente Ferrer Fundazioaren presidenteari eman dio. Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio saria, datorren asteazkenean, hilaren 26an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Oraingoan, epaimahaiak aitortu nahi zain du kooperante britaniarraren ibilbide pertsonala «konpromisoa, irmotasuna, antolaketa gaitasuna, arrazionaltasuna eta sen ona erakusteagatik». Halaber, sari honekin epaimahaiak lagundu nahi du «emakumeak garapenerako lankidetzan egiten duten izugarrizko ekarpena aitortzen eta ezagutzera ematen».

Anna Ferrer-ren (Essex, Erresuma Batua, 1947) apustuak «garapenerako lankidetzan erreferente izatera eraman du» Lakuaren iritziz; Indiako «komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki emakumeekin, lan egiteagatik, errotze patriarkal handia duen herrialde batean».

Kooperanteak, Vicente Ferrer-ekin batera, Rural Development Trust, Vicente Ferrer Fundazioaren Indiako erakundea sortu zuen 1969an. Helburua zen herrialdeko hegoaldeko pobretutako eta baztertutako nekazaritza komunitateak laguntzea.

Kooperanteak borrokatu du beti emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezen, eta horretarako, hezkuntza ahalbidetzen duten ekimenak eta programak bultzatu dituela azaldu du Lakuak: osasun arloan berdintasuna sustatzeko, ezkontza goiztiarrak ekiditeko, enpresa-sorkuntzarako edo lidergoa sortzeko, besteak beste.

Ignacio Ellacuria Saria

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Lakuako Gobernuak ematen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEAren) bidez. Sariaren xedea, «Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana» aitortzea.

Era berean, GLEAk lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, «euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko».