NAIZ

LAB sindikatuko hainbat militantek Lasserre-David diputatuaren egoitza okupatu dute

LAB sindikatuaren hainbat militante Florence Lasserre-David diputatu macronistak Angelun duen egoitzan sartu dira. Ekintza horren bidez frantses Gobernuak erretreten erreforma dekretuaren bidez aurrera ateratzeko hartu duen erabakia salatu dute.

LAB sindikatuaren militanteak Lasserre-David diputatuaren egoitzan. (LAB)
LAB sindikatuaren militanteak Lasserre-David diputatuaren egoitzan. (LAB)

LAB sindikatuaren hainbat militantek ekintza burutu dute gaur goizean Angelun Emmanuel Macronen Gobernuak 49.3 artikulua erabiltzeko eman duen urratsa salatzeko.

Estatu frantseseko Gobernuak dekretuaren bidez onartuko du, beraz, lege egitasmoa, Asanblea Nazionalean ezkerreko indarrek sortu duten blokeo egoeraren aitzakiaz. Hain zuzen gaur mozio zentsura bi bozkatuko dituzte legebiltzarrean. Izan ere Macronek duen erabateko gehiengoa aintzat hartuta, oposizioaren ekimenak balore sinbolikotik harago ez du beste eraginik izango. Horren ondotik erreformaren eztabaida Senatuan emango da.

Sindikatuek hainbat protesta deitu dute Gobernuaren erabakia salatzeko. Hala, Intersindikalak deituta 17.00tan mobilizazioa izanen da, Baionan, Suprefeturaren aurrean.

Horren aurretik, LAB sindikatuak protesta Florence Lasserre-David diputatu angeluarraren egoitzara eraman du. Sei bat militante bulegoan sartu eta bertan gelditzeko asmoa azaldu dute.