NAIZ

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek bat egin dute Zaldibarren deitu duten lanuztearekin

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek bat egin dute martxoaren 12rako Zaldibar Argitu herri plataformak deitu dituen lanuzte eta mobilizazioekin eta langileei deia egin diete parte har dezaten. 

Zaldibar Argitu plataformak lanuztearen berri emateko egin zuen agerraldia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zaldibar Argitu plataformak lanuztearen berri emateko egin zuen agerraldia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek ohar batean gogora ekarri dutenez, hilabete da Zaldibarko zabortegian luizia gertatu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak desagertu zirenetik. Sindikatu hauen iritziz, gertatutakoa «Verter Reciclingek egindako kudeaketa negargarri eta iruzurtiaren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol faltaren eta ekoizpen eta kontsumo ereduari buruzko hausnarketa faltaren ondorio izan da».

Salatu dutenez, Zaldibarko zabortegian «edozein hondakin mota isurtzen zen, inolako kontrol eta tratamendu egokirik gabe». «Zabortegi horrek ez du baimenik isuritako hondakin arriskutsu askorentzat. Amiantoarekin hondakinak jaso zitzakeen, baina aurretik eskatutako tratamendurik gabe egiten zuten, eta langileek ez zeukaten horretarako tresneria egokirik», diote oharrean.

Are gehiago, gaineratu dute, hondakinak «mendi-mazelan pilatzen ziren, finkatze lanik egin gabe. Mendi-mazelan pitzadurak zeuden, berehalako arriskua adierazten zutenak, eta aurretik lur-jausiak izan dira, baina ez dira jakinarazi. Eta azkenean langileek jada salatzen zutena gertatu da».

Lakuako Gobernuari leporatu diote «beste alde batera begiratzea», nahiz eta «instalazio kutsatzaile eta arriskutsu baten gaineko kontrol zorrotza eramateko betebeharra duen». Kontrol zorrotza egin izan balitz, «ez zen hau guztia gertatuko», ohartarazi dute.

Gobernuaren ardura hor ez dela bukatzen diote sindikatuek, luizia gertatu eta berehala han lanean aritu ziren langileei ez baitzitzaien abixatu «han amiantoa zegoela eta segurtasun neurri bereziak hartu behar zituztela». Herritarren osasunarenganako ardura eza ere egotzi diote.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 12rako Zaldibar Argitu plataformak deitu duen lanuzte eta mobilizazioekin bat egin dute eta langileei ere parte hartzeko deia egin diete.