Haritz Larrañaga

Apirilaren 9an jakinaraziko da Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren erabakia

Apirilaren 4an espetxean 30 urte egingo dituen Jakes Esnal presoaren bigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du Zigor Aplikazioen Auzitegiak. Fiskaltza Donibane Lohizuneko presoari baldintzapeko askatasuna eskaintzearen kontra agertu da. Erabakia apirilaren 9an emango dute. Bezperan mobilizazio eguna deitu dute.

Jakes Esnalen askatasuna esktazeko Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea. Isabelle MIQUELESTORENA
Jakes Esnalen askatasuna esktazeko Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea. Isabelle MIQUELESTORENA

Zigor Aplikazioen Auzitegiak Jakes Esnal presoak egin zuen bigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du eta erabakia apirilaren 9an argitaratuko du. Maritxu Paulus-Basurco abokatuak jakinaraziko duenez, Fiskaltza Antiterroritsak euskal presoen eskaerak sistematikoki ukatzen jarraitzen du eta 30 urte espetxean egingo dituen lohizundarrari baldintzapeko askatasuna onestearen kontra agertu da.

2008. urteaz geroztik bermepean libre izateko baldintzak betetzen ditu egun Ile-de-Re-ko espetxean dagoen Donibane Lohizuneko presoak, eta bere abokatuaren esanetan «baldintzapeko askatasunean atera ahal izateko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu, hala nola, lan eta etxebizitzari buruzko bermeak eta antzeko neurriak». 

30 urte espetxean

Ion Kepa Parot eta Xistor Haranburu bezala, bizi arteko zigorra ezarri zion frantziar justiziak Jakes Esnali. Beraiek bezala 1990ean atxilotu zuten Unai Paroti, berriz, bete beharreko 40 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak.

Guztiek 66 eta 69 urte artean dituzte, eta birritan egin diuzten baldintzapeko askatasun eskaera guztiak ukatuak izan dira. Kasu gehienetan, gainera, epailea presoen eskaera aintzat hartzearen aldekoa zen, baina Fiskaltza Antiterroristak baldintzapean kalera ateratzeko aukera oro zapuztu zuen.

Irtenaldi laburra ukatua

Pasa den otsailean, Saint-Martin-de-Re espetxeko zuzendaria, espetxe zerbitzua eta La Rochelle eskualdeko epailetza ados ziren Jakes Esnali bi ordu eta erdiko irteera bat egiten uzteko. Kirol jardunaldi batean parte hartzeko baimena emateran aldekoak ziren guztiak.

Horrela, uhartetik atera gabe eta uneoro zaintzapean, beste hiru presorekin espetxetik kanpora ateratzeko aukera izan zezakeen Esnalek otsailaren 4an, baina irteera eguna baino egun bat lehenago Fiskaltzak helegitea jarri zuen eta modu horretan euskal presoak egin behar zuen irteera laburra ekidin zuen.

Antzeko irteerak egiteko eskaera gehiago eginak ditu euskal presoak eta datozen asteetan jasoko ditu erantzunak.

Apirilak 8, mobilizazio eguna

«Zigorra heriotzeraino bete? 30 urte aski da!» lelopean, mobilizazio eguna deitu du Bake Bideak apirilaren 8rako. Izan ere, apirilaren 4an 30 urte egingo dituzte espetxean Ion Kepa eta Unai Parotek, Xistor Haranburuk eta Jakes Esnalek, eta apirilaren 8an, ostera, hiru urte beteko dira Baionan ETAren armagabetzea gauzatu zenetik.