Amaia U. Lasagabaster

Eibarrek Osakidetzari eman dio LFPk bidalitako materiala eta Osasunak ere ez du erabiliko

Ligak emandako testak ez dituela erabiliko azaldu dute talde gipuzkoarrak eta nafarrak. Javier Tebasek aurreratu zuenez, Lehen eta Bigarren mailako talde guztientzat materiala dauka zuzentzen duen erakundeak.

Eibarrek entrenamenduak etendu ditu prebentzio neurri bezela. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Eibarrek entrenamenduak etendu ditu prebentzio neurri bezela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Javier Tebasek astelehenean egindako iragarpenak hautsak harrotu zituen. Osasun Publikoak Coronabirusaren testen urritasunari ekiten dion bitartean, LFPko presidenteak, futbol profesionaleko 42 taldeei, euren jokalariei proba egiteko materiala bidaliko ziela adierazi zuen.

Bi euskal talde, gutxienez, ez dute erabiliko. NAIZek jakin ahal izan duenez, Eibarrek herenegun jaso zituen LFPk bidalitako testak, gel garbitzaileak, eskularruak etabarreko produktuak eta berehala Osakidetzari ematea erabaki zuen. Aurreko astean are, Ligako proposamenta ezagutu aurretik, azaldu zuten talde armaginetik ez zutela euren jokalariei testak egiteko asmorik, arriskuko biztanleria ez izateaz gain, inork ez duelako momentuz sintoma susmagarririk agertu.

LFPk bidalitako materiala ez erabiltzea erabaki du Osasunak ere. «El Chiringuito» saioan Fran Canal Zuzendari orokorrak azaldu zuenez, Ligaren «detailea eskertzen» dute gorritxoek. Baina «apaltasunez eta zuhurtziaz erabaki hau hartu dugu. Osasunaren parte garen guztiok herritar arruntak gara eta ez dugu inolako pribilegiorik euki behar. Testak beharra duten pertsonekin, sintomak dituztenekin edo arriskuko biztanleriarekin erabili behar direla uste dugu».