Naiz

Hainbat instituzio eta museok denon eskuragarri jarri dituzte bisitaldi birtualak

Donostiako DKulturak, San Telmo museoak eta Tabakalerak, eta Bilboko Euskal Museoak eta Itsasmuseumek #EtxeanGeratzenNaiz ekimenarekin bat egin dute eta euren edukiak sareetan jarri dituzte eskuragarri. Denetarik du erabiltzaileak saguaren klik batera. Kultura Ministeritza espainiarrak ere bere eskaintza egin du.

Bilboko Itsasmuseuma. (NAIZ)
Bilboko Itsasmuseuma. (NAIZ)

Alarma egoeraren aurrean euskal museo eta erakundeek euren zerbitzua internet bidez eskaintzea erabaki dute. Hauek dira etxean pasako ditugun egun hauek atseginagoak egiteko intentzioarekin egin dituzten proposamenetako batzuk. Espainiako Kultura Ministeritzak ere bere ekarpena egitea erabaki du.

San Telmo museoa

Azken urteetan sareetara hainbat eduki igo dituzte, eta horiek eskuragarri daudela gogoratu dute Donostiako San Telmo museotik: hitzaldi eta mahai inguruak, ikerketak, ondarearen inguruko informazioa… Proiektu horietako bat da ‘Second canvas’, non museoaren bildumako hainbat pieza aztertzen diren xehetasun handiz; eskulturaren atlasari esker Donostian dauden artelanetatik ibilbide birtuala egin daiteke; Youtuben Elkano, feminismoa edo aldaketa klimatikoa bezalako gaiak jorratzen dira bideoetan; Miaka ikerketa koadernoak ere erabilgarri daude; museoko kolekzioaren bitartez Donostia hobeto ezagutzeko tresnak eskaintzen dituzte; zaharberritze lanak erakusten dituzte; eta etxean haurrekin bisonte baten garezurra egiteko tailer bat proposatzen dute. Amaitzeko, "Heriotza. Ante la muerte" erakusketa etxetik ikusi ahalko dugu.

Donostia Kultura

Joan Baez eta Jamie Cullum bezalako musikariak Donostian izan ziren iazko udan, eta eskaini zituzten kontzertuak berriro entzuteko aukera dago orain Donostia Kulturari esker. Donostiako Udaletxeak kudeatzen duen entitateak duen Youtube katearen bitartez ahalik eta edukirik aberatsena eskaintzen saiatuko da eta, horregatik, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko eta Giza Eskubideen zinemaldiko zein Dferiako une batzuk ere ikusi ahalko dira.

Literaktumek ere badu bere katea Youtuben, eta bertan azaroan ospatu ziren jarduerak ikusi ahalko dira, tartean Ramon Andres eta Adam Zagajewski idazleek izandako elkarrizketa. Okendo Kultur Elkartearen webgunean ‘Picassotik Barcelora’ erakusketa erakusten ari da internet bidez.

Horrez gain, Donostia Kulturak Spotifyen sortu duen profilean Victoria Eugenia antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Jazzaldiko musikarekin kanta zerrendak osatu dituzte. Era berean, erabiltzaileen esku jarri ditu 20.000 liburu eta 15.000 pelikula, eta hemerotekaren bitartez prentsa zaharra ere kontsultatu daiteke.

Bertan behera gelditu diren ikuskizunen sarrerei dagokionez, horien itzulpenak egingo dituztela iragarri dute, baina pazientzia eskatzen dute horiek leihatilak berriro zabaltzen dituztenean kudeatuko baitituzte.

Tabakalera

Tabakalera zentroak #TabakaleraEtxean ekimena jarri du martxan. Horri esker, bertan eskaintzen diren ekitaldiak streaming bidez eskainiko dituzte bere «izaera publikoa» aldarrikatuz. Guztiok etxean egonagatik ere, «ahalik eta kultur eskaintza aberats eta zabalena eskura jartzeko ahalegina» egin du.

Bilboko Euskal Museoa

Biztanleria ikusle pasiboak izan ordez sortzaile aktiboak izatea nahi du Euskal Museoak, eta horretarako argazkilaritza lehiaketa bat jarri du martxan. Parte hartzaileek museoaren bildumako piezaren bat alderatu beharko dute etxean duten eguneroko objektu batekin, eta argazkiak martxoaren 27ra bitarte bidali ahal izango dira. Erabiltzaileek beraiek emango diote boza gustukoen duten argazkiari.

Horrela, parte hartzaileek eguneroko objektu bat aukeratu beharko dute, etxeko zerbait, ia egunero erabiltzen den zeozer. Beharrezkoa da denbora nahikoa eskaintzea aukeratuko den objektuaren inguruan pentsatzeari: nola heldu den etxera, zertarako erabiltzen den, beste ezer erabil daitekeen gauza bera egiteko, noiztik den ohikoa etxean edo erabiltzeak aldaketa handia ekarri duen. Argazki onenaren egileak Euskal Museora sartzeko urteko txartela eskuratuko du.

Itsasmuseum

Itsasmuseum-ek Bilboko eta Bizkaiko itsas kultura publikoari hurbiltzen jarraituko du. Egunero, azalpen dosi txikiak argitaratuko dira, erakusketa iraunkorraren inguruan, Erainen inguruan, Bizkaiko XX. mendeko erriberako arotzeria berreskuratzen duen proiektua, eta Port Center, Bilboko portua  herritarrei hurbiltzen duen erakusketaren inguruan. Gainera, beste gai eta proposamenak jorratuko dira, haurrek etxetik itsasoko eta Bilboko eta Bizkaiko itsas kultura deskubritu dezaten, modu didaktiko eta dibertigarrian.

Gaixotasunetatik osatu eta babesten gaituzten osagai askok itsasotik edo bere baliabide naturaletatik datoz, hau da gure itsasoak eta ozeanoak babestu beharraren arrazoietako bat. Modu arduratsuan jokatu behar dugu eta jasangarritasuna eta ingurugiroaren alde apustu egin. Itsasmuseum-ek, kasu honetan itsasoa inspirazio iturritzat hartzea proposatzen du, etxean geratu, gure historiako pasarteak elkarbanatu eta mendeetan zehar itsasotik, eta itsasoagatik bizi izan diren pertsonak deskubritu eta honen inguruan hezi.

.laculturaentucasa

Kultura Ministeritza espaniarrak .laculturaentucasa ekimenaren bitartez Prado, Reina Sofia edo Thyssen bezalako museoak birtualki bisitatzea ahalbidetzen du. Era berean, Espainiako Filmategiko pelikula klasikoak ere ikusi daitezke. eBiblio liburu elektronikoak, audioliburak eta aldizkariak maileguan hartzeko doako zerbitzua da, eta horrez gain Espainiako Liburutegi Nazionalak gogoratu du bere katalogoa eta hemeroteka zabalik duela. 

Argazkilaritza maite dutenentzat, ‘La voz de la imagen’ atarian testigantza ugari aurkituko ditugu, eta arte garaikidea nahiago dutenentzat ‘Oral memories’ dago martxan.

Altamira lezeak

#AltamiraDesdeCasa ekimenak bestalde, gaur egun ateak itxita dituen kobazuloaz online gozatzeko aukera eskaintzen du. Helduentzat zein etxeko txikienentzat eduki bereziak prestatu dituzte. Bisonteak, zaldia, eta arte labarra klik batera.