NAIZ

Astelehenetik aurrera itxita izanen da Biarritzeko aireportua

Trenaren kasuan bezala, joan-etorrien kopurua asko apaldu du aireportuetan konfinamendu agindua indarrean sartu zenetik. Hori dela-eta Biarritzekoak bere ateak itxiko ditu astelehen honetatik aurrera. Paueko aireportuak, ordez, oraingoz zabalik jarraituko du.

Konfinamenduaren eraginez Biarritzeko aeroportuaren jarduna zeharo apaldu da. (Bob EDME)
Konfinamenduaren eraginez Biarritzeko aeroportuaren jarduna zeharo apaldu da. (Bob EDME)

Azkeneko astean apalduz joan da tren geltokien eta aireportuen aktititatea. Parisko tren geltokietan, oraindik ere, bidaiari dezente metatu dira asteburuan zehar. Alta, Biarritz bezalako aireportuetara heldu diren hegaldietan «hamar bat lagun baizik ez ziren».

Hartara, Air France konpainiak emandako datuen arabera, %95an apaldu da bidaiarien kopurua. Igande honetan, gaurkoz aipaturiko konpainiak hegaldi bat baizik ez du bermatzen.

Biarritz Euskal Kosta eta Paueko aireportuko ardunadunek adostu dutenez, hegaldi bakar hori Biarnoko hiriburuko aireportutik arituko da aurrera begira.

Ondorioz, martxoak 23tik bidaiarientzat itxita izanen da Biarritzeko aireportua. Hala ere, zabalik izanen da Covid-19 birusaren hedatzean eragin duen krisiari jarduerak bermatzeko, hala nola osasun zerbitzuen edo materialen mugimenduak ziurtzatzeko.

Biarritzeko aireportuko arduradunek ez dute zehaztu noiz arte itxita izanen den azpiegitura.

Azken urteotako itxierak

Biarritzeko aireportuak itxiera garaiak metatu ditu azken garaietan. 2019an, pista nagusian egin beharreko konponketek azpiegitura hori ixtera eraman zuten.

Behin aireportuaren baitan zein kanpoko eremuetan egin beharrreko lanak, hain zuzen parkinean eta sartu-irteeretan, amaitu zituztenean, beste itxiera agindua heldu zen. Hala agorrilaren 24tik 26ra itxita egon zen, bederen bidaiari arruntentzat. G7ko goi-bilera zela-eta munduko herrialde aberetsenetarikoen mandatarien hegaldien joan-etorriak bermatzeko xede segurtasun arrazoiengatik aireportua itxi zuten.

Horrek eragin zinez txarra izan zuen aireportuaren jarduera bilanaren baitan. Hala, 2018ko agorrileko datuekin alderatuta, aaktibitateak %16,82an apaldu zen.

Hori gutxi balitz, urte bukaeran txaleko horidunen mugimendua abian eman zen eta hegazki kontrolatzaileek bat egin zuten, ondoko hilabetetan ere, erretreten erreformaren aurkako mobilizazioekin.

Laburbilduz 2018an 7.353 hegaldi operatu zituen Lapurdiko aireportuan. Iaz, berriz, 6.441 (-%12,40).