naiz

Osakidetzak langileei babes materiala berehala eman diezaien, ELAk errekurtsoa aurkeztu du

Osakidetzak osasun arloko langileei koronabirusaren aurkako babes materiala «berehala» eman diezaien, ELA sindikatuak helegitea aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Era berean, funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiek beren jarduera etetearen garrantzia nabarmendu du.

ELA sindikatuko idazkari nagusia, Mitxel Lakuntza, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
ELA sindikatuko idazkari nagusia, Mitxel Lakuntza, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Osakidetzak langileei babes materiala «berehala» eman diezaien, ELAk Oinarrizko Eskundeen Babesaren eskaria egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Sindikatuak azpimarratu duenez, «babes-materialik ez dagoenez, Osakidetzako 1.145 langilek eman dute positibo» koronabirusagatik, martxoaren 31ko datuekin.

Horietatik 44 ospitaleratu behar izan dituzte, eta horietako bat hil egin da. «Positibo guztien %18 Osakidetzako langileenak dira, eta ehuneko hori espainiar Estatukoa eta Italiakoa baino handiagoa da», gaineratu du ELAk. «Bereziki» babestu beharreko zerbitzua dela errepikatu du sindikatuak.

Baina material «eskasia» salatu dute. «FFP2 eta FFP3 maskara gutxi daude; txabusina iragazgaitzak; maskara kirurgikoak; eskularruak; betaurrekoak eta begietako babesa; gel hidroalkoholikoa; bereizteko manparak, etab. Guztiok ikusi ditugu egunotan euren ekipoak zabor-poltsa edo beste material batzuekin egindako profesionalen irudiak. Gainera, kasu batzuetan, eskura dagoen materialak ez du behar besteko kalitaterik», gehitu dute.

Egoeraren aurrean Osakidetzak «materiala erabiltzeko irizpideak ere prekarizatu» egin dituela iritzi du sindikatuak. «Horrek, zalantzarik gabe, langileen babes maila murrizten du». Hau «onartezina» dela adierazi du ELAk. «Osasun arloko langileek beren osasuna arriskuan jartzen ez duten segurtasun baldintzetan bete behar dute beren lana, eta hori horrela dela bermatzearen arduraduna Osakidetza da».

Gizartearen elkartasuna txalotu duten arren, «segurtasuna ezin dela hirugarren pertsonen borondatearen mende» egon nabarmendu du sindikatuak.

Azkenik, ELAk berriro aldarrikatu du funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiek beren jarduera eten behar dutela. «Horrek, kutsatze katea ekiditeaz gain, eskuragarri dauden babes ekipamendu guztiak funtsezko sektoreetara bideratzea ahalbidetuko luke. Babes materiala lortzeko ahalegin guztiak sektore horiek hornitzera bideratu behar dira. Onartezina da Osakidetzako langileek norbera babesteko ekipamendurik ez duten bitartean, beren jarduera eten dezaketen industria inguruneetan material hori erabiltzea».