Lanbidearteko bilkura deia egin du ELB sindikatuak, 300.000 litro esne gal ez daitezen

ELB sindikatuak lanbidearteko bilkura bat deitu du 300.000 litro esne alferrik gal ez daitezen. Mauleko Chaumes enpresarentzat lan egiten duten ekoizleek %10 gutxiago ekoizteko agindua jaso dute, baina esnezaleek jada ekoitzita dute apirileko mozkina. Laborari eta enpresarien arteko bilkura deialdiak ez du oraindik erantzunik jaso.

Haritz Larrañaga|2020/04/07
Irati_abeltzaintza
Ardi esnea erabiltzen duten gaztagile asko dago Zuberoan. Irudian, artalde bat Larrainen..(Gaizka IROZ /AFP)

Egoitza nagusietako bat Maulen duen Chaumes enpresak iaz baino %10 esne gutxiago ekoitzi behar dutela jakinarazi zien Ipar Euskal Herriko hornitzaileei, baina ordurako esnezaleek haien mozkinak prest zituzten. Horren aurrean, esne ekoizleek izango dituzten 300.000 litro esne soberakin merkaturatzeko bilkura zabala deitu zuen ELB sindikatuak apirilaren 1ean, baina oraindik ez dute inoren erantzunik jaso.

Laborari eta enpresariak biltzearen xedea soberan den esnea ez galtzeko irtenbide bat ematea da. Jean-Paul Duhalde ELBko bozeramaileak nabarmendu duenez, «badira enpresak esne soberakina erosteko prest direnak, baina bilkura hori egiteko zain dira». Izan ere, ELB sindikatuak proposatzen duen bilkurak esne soberakina modu ordenatuan saltzeko ere balio dezake.

Ikastetxeetako eta enpresetako jangelak hornitzen dituzten esnezale eta gaztagileek galera handiak izan dituzte, baina osasun krisi garaian ere jendeak esnekiak kontsumitzen jarraitzen du, eta esnekiekin lan egiten duen laborari askok lanean jarraitzen dute. Batzuek denbora luzez kontserbatzen diren gasnak egiten dituzte, Ossau-Irati sor-marka duen gasnak kasu, beraz haiek esnea behar dute lan egiten jarraitzeko.

Ordea, enpresa handientzat ekoizten duten laborariek dituzten zailtasunak ere ugaritzen hasi direla agerian geratu da Zuberoako lantegi nagusienetako bat den Chaumes enpresak bere hornitzaileei ekoizpena %10 murriztu behar dutela esan dienean.   

Lanbide garrantzitsua Zuberoan

Oso ezagunak dira Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten diren gaztak, batez ere ardi gasna. France 3 telebista kateak eskainitako datuen arabera, Ipar Euskal Herria eta Biarno artean 2.000 familiak lan egiten dute esnea edo esnekiak ekoizten.

ELB sindikatuaren iritziz, ekoizpena gutxitzeko arrazoietako bat kanpotik ekartzen diren mozkinak dira. Ipar Euskal Herrian urtero 80 milioi litro esne kontsumitzen dira, baina horien laurdena, alegia 20 milioi litro esne, kanpotik ekartzen dira. Horren aurrean ELB sindikatuak honakoa galdetzen du: «Ez al da inportanteagoa lekuko ekoizleei esnea biltzea, eta kanpoko esne sartzeak gelditzea?».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Ostiral gauean En Tol Sarmiento Iekorako taldeak Bilboko Santana 27 aretoa hartu zuen, gazte ugari saltoka eta dantzan jarriz. Hona hemen Gaizka Peñafielek ateratako argazkien lagin bat.