naiz

Adineko eta gaixo dauden presoak askatzerakoan euskal herritarrak baztertzea arbuiatu du Sarek

Presondegietan adineko eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eskatu dute Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak edo Nazio Batuen Goi Komisarioak. Neurri hauek, baina, «euskal presoak baztertuz» hartzea leporatu die Sarek frantziar eta espainiar gobernuei.

Picassenteko espetxeko sarrera. (II.PP.)
Picassenteko espetxeko sarrera. (II.PP.)

Nazioarteko hainbat erakundek adineko eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eskatu arren, gobernuek neurri hauek «euskal presoak baztertuz» hartu dituztela kritikatu du Sarek. «Ez Gobernuak, ez espainiar Justiziak, ezin dute nazioarteko hainbat erakundek presoak askatzearen baitan egindako deiei muzin egin», adierazi du ohar baten bidez.

Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera larriaren aurrean Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak edo Nazio Batuen Goi Komisarioak, «ahalik eta bizkorren», preso horiek aske uzteko eskatu die gobernuei. Neurri honi ez diete inolako baldintzarik ezarri. Izan ere, birusa hasi da espetxeetan hedatzen. «Askatasunean mantendu daitezkeen zaintzaneurriak ez dira pertsonen gune masifkatuetan aplika daitezkeen neurri berak, espetxean beraz, ezinezkoa da hauek ezartzea. Espetxeetako osasun arretarako neurriak ere ez dira egoera honi aurre egin ahal izateko ezinbesteko gutxienekora iristen», ekarri du gogora Sarek.

Erresuma Batua hasi da neurria ezartzen eta presoak kaleratzen. Sare, Madril eta Pariseko gobernuei zuzendu zaie, baina baita euskal erakundeei ere eta EHko herritarrei ere. «Neurriak aplikatzen hasi behar dira, espetxeetan benetako tragedia gertatu aurretik». Eta hauek euskal presoak baztertu gabe hartzea. «Salbuespen araubide hori ezin zaie aplikatu, halaber, preso diren pertsonei, osasunerako eta tratu duinerako eskubide osoa duten pertsonak baitira».

Espainiar Estatuko 40 espetxetan barreiatuta daude euskal presoak, baita frantziar Estatutko beste hamarretan ere. «Ezin dira salbuespena izan espetxeen barruan tragedia hori saihesteko beharrezkoa den edozein neurri aplikatzerakoan». 18 euskal presok gaixotasun larri sendaezinak dituzte, 53k hogei urte baino gehiago daramatzate, 158k 15 baino gehiago eta 75ek zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. «Egin ezazue zerbait, baina egizue berehala. Beranduegi izan baino lehen. Orduan aieneek ez dute balioko. Orduan, arduragabekeria itzelaren aurrean geundeke».