Amaia EREÑAGA

Estatuko kultur eragileek 48 orduko grebara deitu dute sareetan

48 ordu kulturarik gabe sare sozialetan, bihar eta etzi. Madrileko Ministerioak ez duela kulturaren sektorearentzat espresuki diru laguntzarik bermatuko jakin denean, greba deialdia luzatu dute zenbait kultur elkarteek. Gurean #itzalaldikulturalaren traola zabaldu da eta sektoreak ez du haserrea ezkutatzen, Jaurlaritzak jarrera berdina hartu duela jakitean.

Arriaga antzokia itxita. Koronabirusan krisiak eragin latzak izan ditu kultur arloan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Arriaga antzokia itxita. Koronabirusan krisiak eragin latzak izan ditu kultur arloan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Jose Manuel Rodriguez Uribe, espainiar Kultura ministroak, atzo egindako adierazpenetan datza apirilaren 10 eta 11rako sareetako greba deialdi hau. Ministroak aipatutakoaren arabera, osasun krisi honek eragindako kalte ekonomikoak leuntzeko hartuko diren neurrietan ez dute zehazki kulturaren sektorea kontuan hartuko. Hau da, ez dira kulturarentzat neurri bereziak hartuko, nahiz eta alor honen ahulezia argi duten arren.

Estatu espainiarreko Union de Actores y Actrices elkarteak, esaterako, bat egin du deialdiarekin. Eta #apagoncultural #ministrocultura eta antzeko traolak erabiliko dituzte.

Gurean jada sareetan erabiltzen ari diren traolak argi adierazten dute zeintzuk diren helburuak; #itzilaldikulturala #kulturaministeritza #euskojaurlaritza...

Reset plataformak, esaterako, arte eszenikoen elkarte gehienak batzen duen plataforma (musika, antzerkia, dantzako taldeak biltzen ditu...) ez du mementuz bere iritzia zabaldu. Baina sektorea haserre dago batez ere gaur bertan Gipuzkoako medio batean Joxean Muñoz kontseilariordeak egindako deklarazioen ostean.

Madrileko ministerioaren jarrera berbera baitu Jaurlaritzak; Muñozek adierazitakoaren arabera, kulturak ez du laguntza propiorik izango krisi egoera hau saihesteko. Laguntza orokorretan barne sartuko dituzte, eta hortik aurrera, «kultur arloari iritsi daitezela espero dugu», Muñozen hitzetan.

Lakuak ere, berdin

Kontuan izan behar da, kulturaren industrian 7.000 lagun ari direla Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. 

Sektorearen egoera hauskorra kontuan izanik, Estatuan bezala, beraien egoerari moldatutako laguntzak bermatzea espero zuten eragileek. Eneko Olasagasti, Euskal Aktoreen Batasuneko antolakuntza idazkaria, esaterako, oso minduta azaldu da NAIZi egindako adierazpenetan.

Lakuako Gobernuaren erabakiarekin haserre eta ez du bere egonezina ezkutatu nahi izan. Joan den asteazkenean 30 aktoreen egoerari buruzko datuak luzatu zizkioten Jaurlaritzari eta, dirudienez, ez dute aintzat hartu, Muñozen adierazpenen arabera.

Kontuan hartu behar da oso egoera bitxia duela sektore honek, kontratuak berezitasun propioak dituztela, eta horregatik fijo-diskontinuoak direnak ERTEtan sar ditzatela eskatu zioten Lakuari bai EABk bai Reset plataformakoek. Orain zer gertatuko den, horixe da dagoen kezka.

«Orain uda dator, eta kaleko antzerkia izan daiteke lehengotarikoa normalizazioa lortu ahal izateko», Olasagastiren hitzetan. Antzokietan ezarriko diren arauak ez dira batere malguak izango, baina «kalea errekuperatzeko balio izango digu behintzat».