naiz

Euskal Herrian Covid-19aren irtenbidea ekologikoa izan dadila eskatu dute 300dik gora adituk

Koronabirusaren osteko Euskal Herrian ekonomia ekologikoaren alde egitea eskatu dute 25 unibertsitate eta ikerketa zentroetako 345 adituk; tartean, EHU, NUP, Mondragon, Deusto, Paueko (Baiona-Bordele), BC3, Standford edo Cambridge-ko unibertsitateetako profesionalek. Hemen ikusi daiteke adituen zerrenda osoa.

Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea proposatu dute adituek. Irudian, Bilboko Areatzako azoka. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea proposatu dute adituek. Irudian, Bilboko Areatzako azoka. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Akademiako aditu hauek "Covid-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde" izeneko manifestua sinatu dute, eta Euskal Herrian eztabaida soziala sustatu nahi dute, etorkizun iraunkor eta inklusiborako bidea hartzeko.

«Gaur egungo egoerari buruz dugun ikuspegia plazaratzeko beharra sentitzen dugu, baita lan ildo batzuk proposatzekoa ere, iraganean egindako akats larriak berriro gerta ez daitezen eta etorkizun berri baten eraikuntzari modu egokian hel diezaiogun», agertzen du manifestuak.

Manifestuaren sinatzaileen ustez, gaur eguneko garapen ereduak «naturaren suntsitzearen beharra du, gero eta inpaktu eta ingurumen-desoreka handiagoak sortzen dituelarik, horri lotuta dauden kostu sozial larriak areagotuz». Eredu sozio-ekonomikoaren beste ahultasun garrantzitsu bat, diotenez, «jendartearen balizko egonkortasuna lortzeko hazkunde ekonomiko jarraituari eusteko beharra da, nahiz eta eredu horrek klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren ondoriozko gizarte- eta ingurumen-krisiak areagotzen dituen».

Adituak bat datoz esatean egungo krisialdietarako benetako irteera «bai norbanako zein talde gisa, gure erresilientziaren eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa» izango dela. Bidegurutze historiko batean aurrean gaudela diote: «Bide oker beretik jarraitu edo norabidea aldatu».

Hala, krisiaren osteko garapen eredua eraldatzeko, lehentasunezko bost lan lerro proposatu dituzte.

Bat. Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundean oinarritutako garapen-eredua baztertu eta, horren ordez, gizarte-ongizatea areagotuko duten sektoreak indartzeko adierazle egokiak hartu. Kontrara, ingurumenean kalte egiten duten sektoreak murriztea proposatu dute.

Bi. Muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea. Hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna lehenestea, «hurrengo belaunaldientzat zor onartezin bat sortu ez dadin».

Hiru. Ingurumen-fiskalitate progresiboa bultzatu. Kutsadura eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena albo batera uzteko eta beharrezkoa den trantsizio ekologikoa finantzatzeko.

Lau. Nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetza sustatzeko, eta lehen sektorean lan-baldintza duinak bermatzea.

Bost. Azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea. Azpiegituretako inbertsio handiei luzamendu bat ezartzea, funtsezko zerbitzuak lehenesteko, motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa lehenetsiz.