NAIZ
Getxo

Getxoko auto zinema prest, distantzia fisikoa derrigor zaindu behar den errealitatean

Koronabirusak eragindako krisian eta honen ondotik zaindu beharreko distantzia fisikoa dela-eta, auto zinemak aukera bakarra izan daitezke filmeetaz kalean gozatzeko. Hego Euskal Herrian Getxoko auto zinea berriro irekitzeko lanetan ari da. Filmek ez ezik, musika ikuskizunek beraien lekua izan dezakete. Belakok autozinemetan egingo du bira bat.

Getxoko auto zinema.
Getxoko auto zinema.

Film askotan ikusi izan ditugu auto zinemetako eszenak. Autoa hartu eta bertatik, zabalgune batean jarrita dagoen pantaila handiari begira gozatzen dute filmaz. Atzerriko filmetan bikoteak izan ohi dira hauen bezero nagusiak baina koronabirusak eragindako egoera dela-eta, aisialdiko plan egokia izan daiteke.

Zinema areto tradizionalek beraien ateak irekitzeko gehiago itxaron beharko dutela dirudi, distantzia fisikoa errespetatzeko bermeak zailago dituztelako. Auto zinemak, aldiz, jada berriro martxan hastear daude.

Hego Euskal Herrian dagoen auto zinema bakarra Getxon kokatzen da eta, ondo bidean, maiatzaren 14an irekiko dituzte ateak. Oraindik ere EAE lehengo fasean egongo den erabakitzeke dago eta honek baldintzatu dezake guztia. Estatu espainolean, Denia (Alacant) eta Madrileko RACE ere irekitzeko irrikan daude; auto zinema madrildarrerako sarrerak jada salgai daude, "Grease" film klasikoa emango du. Gainontzekoak bigarren faserako urratsa ematean irekitzearen aldekoak dira.

Pelikula ikusteko ez duzu zertan autotik ateara, bertako irratitik entzuten baita. Jatekoari dagokionez, zenbait auto zinemetan, zerbitzariek –maskara, eskularru eta beharrezko neurri guztiak hartuta– ikuslearen kotxeraino eraman dezakete eskaria. Getxokoan ez dute zehaztu nola antolatuko duten jakien zerbitzua.

Getxoko auto zinemak duela bost urte ikusi zuen argia eta Ibarrengoa Estartan kalean dagoen zabalgunean dago kokatua.

Estreinaldi klasikoak eta film berriak

Oraindik ez dute iragarri zein film emankizunekin berrartuko duten jarduera baina, aukeren artean, "Las aventuras del Doctor Dolittle" (2020) pelikula izan daiteke konfinamendu ostean zinema areto batean ikusiko den lehen filma –zinema areto hau kanpoaldean dagoen eta autoz betetakoa den arren–. Alarma egoera iragarri aurretik honen emankizuna prestatua zuten Getxoko auto azineman.

«Sarrerak lehen faserako urratsa berresten digutenean jarriko ditugu salgai», dio Fernande Desoigniek, autoa zinemak dituen bi bazkideetako batek. Haren asmoa da estreinaldi klasikoak eta film berriak tartekatzea. Film horiek oso harrera ona izan dezakete, hala nola "Parasitoak" edo "Joker", harik eta zinemak oro har ireki eta estreinaldiko izenak iritsi arte.

«Berriro irekitzeko gogo handia dugu, eta uste dugu segurua dela, beste herrialde batzuetan egin dute edota ez dira itxi. Ez da beharrezkoa autotik ateratzea, eta sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira», azpimarratu du.

Desoigniek baieztatu du azken asteetan proposamen asko jasotzen ari direla zinemaz haragoko ekitaldiak egiteko, batez ere musikalak, kontzertuak eta jaialdiak airean baitaude. Zehazki, Belako talde bizkaitarrak ostiral honetan iragarri du auto zinemetan egingo duen bira; nola ez, Getxokoan geldialdia egingo du talde bizkaitarrak.