NAIZ

Bederatzi euskal erakunde, gastu militarra behar sozialetara bideratzeko ekimenean

International Peace Bureauren ekimenarekin bat egin duten euskal bederatzi talde antimilitaristek Covid-19aren osasun krisiaren kudeaketa militarista ere salatu dute, elkarrekin sinatutako oharrean.

Bilbon egindako armagintzaren aurkako elkarretaratze bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bilbon egindako armagintzaren aurkako elkarretaratze bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskal Herriko bederatzi taldek (AA-KEM-MOC Nafarroa, Bake-Ekintza Antimilitarista, Centre Delàs (Euskal Delegazioa), Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Eibar, Gerra Hemen Hasten da/La Guerra Empieza Aquí, Gernika Gogoratuz, Kakitzat koordinakunde Antimilitarista eta KEM-MOC Bilboko Talde antimilitaristak) bat egin dute International Peace Bureauk martxan jarritako ekimenarekin.

2014az geroztik urtero antolatzen den gastu militarrari buruzko kanpaina globalaren baitan, Nobel saria jaso zuen bakearen aldeko erakunde zaharrena denak gastu militarra nabarmen murrizteko eskaera aurkeztuko du Nazio Batuen hurrengo Batzar Nagusian eta diru kopuru horiek bidera daitezela osasun publiko zein gizarte eta ingurumen beharrei erantzuteko.

Euskal talde antimilitarista hauek salatzen dutenez, «munduko gastu militarra 1,8 bilioi dolarrekoa da urtean, Gerra Hotzaren amaieran baino %50 handiagoa. Kopuru horren %10arekin, munduko gosea amai zitekeen eta biztanleriaren oinarrizko beharrak ase. Ez dugu inoiz ahaztu behar munduan 100.000 pertsona inguru hiltzen direla egunero baliabide faltagatik».

Era berean, talde hauen ustez, «gastu militarraren ehuneko txiki bat nahikoa izango litzateke ingurumenaren gainbeherari eraginkortasunez aurre egin ahal izateko. Estatu espainiarraren kasuan, kalkulu kontserbadoreenen arabera, gastu militarra 20.000 milioi eurokoa urtean, hau da, 54 milioi eurotakoa egunean. Adibide bezala, 54 milioi horiekin tamaina ertaineko hamar bat osasun-zentro eraiki daitezkeela kalkulatzen da».

Irudi honetan alderatu dituzte egungo gastu militarra eta osasun arloan eragin lezakeena, Estatu espainolari dagokionez.

Militarizazioaren salaketa

Kaleratutako oharrean salatzen dutenez, «alarma egoera ezarri zenetik militarizazio soziala areagotu egin da eta hori agerian geratzen da bai prentsaurrekoetako agintari militarren partaidetzan, bai gure kaleetan ikusi dugun soldaduen presentzian; gerra-hizkerarekin ikuspegi sekuritarioa legitimatzen saiatu dira, non armadaren existentzia ezinbestekoa izango litzatekeen; bestalde, nabarmen geratu denez, unitate militarrek egindako desinfekzio-ekintza puntualek eta ez-estrukturalek beste zerbitzuetako langileek egin zitzaketen hobeto ornituta baleude: osasun-arlokoek, garbiketakoek eta babes zibilekok adibidez. Langile hauek baliabide nahikoak izan beharko lituzkete, gastu militarrak baldintzatu gabeko aurrekontuak, baina hamarkadatan gastu militarra gizarte-premien aurretik lehenetsi da. Argi dago, halaber, azken asteotan gure kaleetan bizitako alarde militarrek ez dietela erantzuten espazio publikoen benetako kudeaketari, eta armadaren presentzia normalizatzea besterik ez dutela bilatzen».

Testuinguru horretan, euskal erakunde antimilitaristek inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute desmilitarizazio sozialeko prozesuak babestea. «Bere garaian intsumisioa garatu zen Derrigorrezko Zerbitzu Militarrarekin amaitzeko, eta, gaur egun, beste dinamiken bidez, armagintza ekoizpena desagerrarazi,errefuxiatuei sustengua eman edo gastu militarrari zerga-eragozpena  sustatu». Lehen urrats gisa, errenta aitorpenean gastu militarrari eragozpena egin nahi dieten herritarrek administrazioek egindako autilikidazio proposamenei uko egiteko aukera dutela gogorarazi dute.

Amaitzeko, «normaltasunera» itzultzearen arriskuaz ohartarazten dute, «normaltasun hori krisi egoera baitzen. Badakigu ez dela lan erraza izango, gaur egun interes ekonomikoak pertsonen eskubideen eta premien gainetik daudelako, baina pairatzen ari garen osasun-krisi globalari nola aurre egin aztertzearekin batera, ezinbestekoa izan beharko luke ere gizarte gisa jarraitzen ari garen zoritxarrezko norabideari buruzko hausnarketak. Antimilitarismotik proposamenak egiten jarraituko dugu norabide horretan».