Kultura zenbaki gorritan: %40,8ko galerak espero dituzte covid-19aren eraginez

Covid-19a hedatu aurretik espero ziren diru-sarrerak erabat murriztuko direla uste dute euskal kultura arloko eragileek. Zehazki, %40,8 txikiagoak aurreikusten dira; batez beste, 786,2 milioi eurokoko galerak. Kulturaren Euskal Behatokiak 243 eragileren parte-hartzearekin egindako lehen jasoaldiaren emaitzak, gaur aditzera eman direnak, kultura zenbaki gorrietan dagoela azaleratzen du.

NAIZ|2020/05/19
Captura_de_pantalla_2020-05-19_a_las_17.17.20
Liburuen alorra izan da kalte gehien jaso duena. Argazkian, Donostiako Hontza liburu denda. (Gorka RUBIO / FOKU)

Oso egoera latza espero dute kultura arloko eragileek Kulturaren Euskal Behatokiaren azken azterlanaren arabera. Alde batetik, galerak. 786,2 miloi eurokoak izan daitezkeela aurreikusten da. Eta nola iritsi dira zenbaki horretara?

Eustaten Zerbitzuen Estatistikako (2016) datuak erabiliz, sektoreko negozio-zifrak jasango duen eragin globala (%40,8) proiektatu du Behatokiak. Ikerketa horretako laginaren osaera eta Zerbitzuen Estatistikaren metodologia aintzat hartuz, modu globalean eraginaren magnitudea zein izango den kalkulatzeko balio dezakeen proiekzioa osatu dute; beraz, 786.226.200 euro. Egoera normal batean, irabaziek 1.927 milioi eurokoak izan beharko lukete, ordea.

Hemen ikerketak eskainitako beste datu kezkagarriak; bi hilabeteotan kultur jarduerak %82,6ko proportzioan murriztu dira. Inpaktu handiena produktu fisikoen salmentan nabaritu da, batez ere liburuaren sektorean. Eta zuzeneko jarduerei dagokienez, etorkizuneko kontratazioen aurreikuspenek ere %80,4ko beherakada jasotzen dute batez beste.

Emaitzok Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak krisiak kulturaren esparruan izan duen eragina neurtzeko bultzatutako Krisiaren Behatokia txostenaren lehen jasoalditik atera dira. Apirilaren 9tik 26ra bitartean egin zen eta kultura arloko 243 eragilek parte hartu zuten.

Galerak eta lanpostuak

Egoera on batetik –bere ñabardurekin, noski–, zorigaiztora jo dugula dirudi. Covid-19aren aurretik zuen testuinguruari dagokionez, joera positibo bat identifikatzen da azterlanean, batez ere kontzertuetan eta arte eszenikoetan.

Egoeraren pertzepzio positibo orokor bat dago agente gehienen kasuan: egoera ona edo oso ona zela adierazi dutenak %57 dira (%40,2k ona eta %17,1ek oso ona). Aitzitik, eragileen %20ren ustez, krisiaren aurreko egoera txarra edo oso txarra zen (%14,5en eta %5,6ren ustez, hurrenez hurren). «Covid-19a kultura-adierazleen zati handi baten bilakaera positiboaren testuinguruan agertu da», jaso da zehazki txostenean.

Urteko diru-sarrerak zenbatetsita, aurreikusitako galerak% 40,8ra iristen dira batez beste, eragileek 2020rako aurreikusten zituzten diru-sarrerekin alderatuta. Enpleguari dagokionez, kaleratzeak saihestu arren, enplegu-maila eta batik bat lan aukerak jaitsi egin direla aipatzen da.

Enpleguan izandako eragin negatiboa %43,2koa izan da (kaleratzeak, ERTEak eta beste neurri batzuk eragin negatibo gisa hartuta), baina eragina izan den kasu guztien %10ean baino ez da egon kaleratzerik. Halaber, eragileen %67,5ek pandemiak jardueran eragin sakona edo erabatekoa izango duela aurreikusten dute.

Sexuen araberako begirada batek zera erakusten du, gainera; kaltetutako emakume gehiago daudela termino
absolutuetan, kultura arloan emakumeen kopurua gizonezkoena baino handiago delako. Beraz, eragin zuzena izango du emakumeengan.

Zenbaki gorritan

Kultura-jarduerari dagokionez, jarduerak% 82ko beherakada izan du batez beste, eta jardueraren parte txiki batek eutsi ahal izan dio (barne-jarduera, baliabide digitalen bidez egin daitekeena, abian dauden produkzioekin edota plangintzarekin zerikusia duena eta abar).

Era berean, lehen jasoaldian aztertutako aldian, inpaktua handiagoa izan da produktu fisikoen salmentan (liburuak batez ere), establezimenduak itxi izanaren ondorioz (zehazki, liburuen eta diskoen salmentak %62,49ko beherakada izan du).

Zuzeneko jarduerari dagokionez, kasu gehienetan jarduerak atzeratu dira, datarik jarri gabe. Txostenak adierazten duenez, «programatzaileek bertan behera uztea saihesteko borondatea dutela erakusten du horrek, ziurgabetasunak eta azken asteotako informazioan gertatu diren aldaketek data berriak finkatzeko aukera nabarmen zaildu badute ere».

Etorkizuneko kontratazioen aurreikuspenek ere %80,4ko beherakada jasotzen dute batez beste.

Inkestan parte hartu duten eragileek beren kultura-proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko garaian garrantzirik handiena duten gastuak ere aipatu dituzte. Garrantziaren araberako hurrenkeran, honako hauek dira: zerga-betebeharrak, langile-gastua, hornidurak eta, azkenik, kontratatutako kanpoko zerbitzuak.

Kulturako langileek baliatu dituzten neurriei dagokienez, inkestaren lehen jasoaldia egin zen unean honako hauek izan ziren azpimarratuenak: telelanari lotutako soluzioak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eta zerga-betebeharren malgutzea eta beste administrazio-prozedura batzuk.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.