NAIZ

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoiliarrek senide baten bisita jaso ahalko dute ekainaren 8tik

Adinekoen egoitzetan pixkanaka bisitak egiteko aukera baimenduko du Gipuzkoako Aldundiak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak aurkeztu duten ‘Errealitate Berrira Egokitzeko Plana’ren baitan. Protestak berreskuratuta, lan-baldintza duinak exijitu dituzte egoitzetako langileek.

Gizarte zerbitzuetan Egoera Berrira Egokitzeko Planaren aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Gizarte zerbitzuetan Egoera Berrira Egokitzeko Planaren aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako gizarte zerbitzuak ‘Errealitate Berrira Egokitzeko Plana’ aurkezteko agerraldia egin dute diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak.

Covid-19ak etorkizunean izan dezakeen bilakaeraren aurrean, prebentzioa, aurre hartzea eta erantzun azkarra ditu helburu bide orri honek, egoitza sare osoko bisiten eta zerbitzuen pixkanakako berreskuratzearekin uztartuz.

Olanok xehetu duenez, faseka banatutako plan honek aurreikusten du nola berrezarriko diren egoitzetara egin daitezkeen bisitak. Horrela, erabiltzaileek familia eta gertukoen «babesa» jasotzeko modua izango dute, betiere distantzia eta prebentzio neurriak errespetatuz.

«Kolektibo ahulenen ongizatea, osasuna eta integritatea izango dira lehentasuna nagusia. Horretarako, birusari aurre egiteko neurriak plan batean jaso baziren, modu estrategiko eta planifikatuan, halaxe egin dugu orain ere, pandemiak utzitako errealitate berrira egokitu asmoz. Plangintza koordinatu, ordenatu eta koherente bat osatu dugu horretarako, prebentzioa oinarri hartuta», baieztatu du Olanok.

Horregatik, helmuga epe ertainean kokatuz, planak bost fase edukiko ditu, 0tik hasi eta 4ra arte. 0 fasea maiatzaren 10ean amaitu zen, 1 fasea maiatzaren 24ean bukatzea espero dute, bigarren fasea ekainaren 7ra arte luzatuko da, 3 fasea ekainaren 21era arte eta 4. fasea, berriz, uztailaren 4ean hasiko litzateke ondo bidean.

«Beraz, aurkezten ari garen plan hau plangintza partekatua da. Errealitate berri horretara egokitzen jarraitzeko bide-orria da, beti ere gizarte langileentzako eta zerbitzuen erabiltzaileentzako osasun eta segurtasun berme guztiak betez, halaxe eskatzen baitu egungo ezohiko egoerak», osatu du Olanok.

Kontingentzia planak

Orain arte, konfinamendua arintzearen 0 fasean, adineko pertsonen egoitza-zentroetan, kontingentzia planen balorazio jarraitu bat egin da; zentroen prebentziozko antolaketari buruzko jarraibideak aplikatu dira; senideei bisitak egitea baimendu da, salbuespenezko kasuetan, eta babes neurri handiekin; eta zentroek eguneko zentroetako langileen laguntza jaso dute.

Neurri prebentibo guztiek indarrean jarraituko dute «aurrerapenerako ezinbestekoak direlako» eta, gainera, Peñak adierazi du egoitza zentroetan 300 plaza libre geratuko direla etorkizuneko Covid-19 kasu positibo posibleen isolamendua eta arreta errazteko.

Langileek mobilizazioei ekin diete berriro

Beste alde batetik, egoitzetako langileek protestak egiteari ekin diote berriro eta, azaldu dutenez ez dute baztertzen grebara deitzea beren aldarrikapenak kontuan hartzen ez badira. Gipuzkoako Aldundia egin dute jasaten duten prekarietatearen erantzule.

Donostian egin duten elkarretaratzean, langileen lan-baldintzak eta egoitzetako adinekoen bizi-baldintzak duintzeko hasitako bideari berriz ekingo diotela iragarri dute. Aldundiari sektore horren baldintzak hobetzeko exijitu diote, «orain, inoiz baino gehiago, gizartearentzat funtsezkoa baita».

«Zaintzaren eta pertsonen alde egiteko unea da. Osasunean inbertitzeko eta bizitza zaintzeko unea da. Horretarako, Aldundiak beti izan du ELAren prestutasuna eta hala izaten jarraituko du», azaldu du sindikatuak.